Indarkeria matxistaren aurkako jarrera berretsi dute ikasleek
Gernika-Lumoko Berdintasun sailak Emakundek bultzatutako Beldur Barik programaren baitan udalerriko ikasleek lehiaketara aurkeztutako lanik onenak hautatu eta saritu ditu. San Fidel Ikastolakoak izan dira protagonista nagusiak.
Urtero legez, aurten ere, Gernika-Lumoko Beldur Barik lehiaketa egin dute, eta indarkeria matxistaren aurkako jarrera berretsi dute udalerriko ikastetxeetako ikasleek.
Genero indarkeria bizitzako eremu guztietatik borrokatu behar den gaitz sozial bat dela aintzat hartuta, hezkuntzak funtsezko zeregina dela uste du Gernika-Lumoko Berdintasun sailak. Hori horrela, Emakundek bultzatutako Beldur Barik programaren baitan Gernika-Lumoko ikastetxeetako ikasleek lehiaketara aurkeztutako lanik onenak hautatu eta saritu ditu.
Aurtengoan, San Fidel Ikastolako ikasleak izan dira protagonista nagusiak. Izan ere, 12 eta 14 urte bitartekoen kategorian Lehen Hezkuntzako 6B eta 6D ikasgeletako lanak saritu zituzten, eta 15 eta 17 urte bitartekoen kategorian ere, Aski da lana gailendu zen. 15 eta 17 urte bitartekoetan, Gernika-Lumoko Institutuko ikasleen bi lan ere saritu zituzten: Eta orain zer? eta Ez dago justiziarik berdintasunik gabe.
Emakumeen ahalduntzea. Irati Martinez Agirrezabala berdintasunerako zinegotziak adierazi duenez, berdintasuna eta emakumeen ahalduntzea funtsezko giza eskubidea izateaz gain, mundu baketsu, oparo eta iraunkorra eraikitzeko “funtsezko oinarrietako bat” ere bada. Izan ere, Garapen Jasangarriaren 17 helburuetako bat da, eta garapen inklusiboaren eta jasangarriaren dimentsio guztien funtsezko elementua: “Horrek hemendik eta 2030era arteko epean, genero berdintasunak premiazko neurriak hartzea eskatzen du, diskriminazioaren arrazoi sakonak ezabatzeko”.