Toledoko Itunak egindako gomendioen aurka mobilizatu dira pentsiodunak
Diputatuen Kongresuak Toledoko Itunaren gomendioak berresteko hartutako erabakiaren aurka protesta egin dute pentsiodunek. Busturialdekoak Bermeon eta Gernika-Lumon elkartu ziren zapatuan.
Pentsio “duinak, bidezkoak eta nahikoak” lortzeko mobilizazioak egin zituzten zapatuan pentsiodunek. Toledoko Itunaren gomendioak berresteko Madrileko Kongresuan hartutako erabakia gaitzetsi zuten Bermeon eta Gernikan. Guztira, 150 lagun inguru batu ziren.
Bermeon Lamerako harrizko bankuan elkartu ziren pentsiodunak, eta Gernika-Lumon, berriz, Foruen plazan. Manifestazioa egitekoak ziren hiribilduan, baina eguraldi txarraren ondorioz, mobilizazioa bertan behera utzi eta elkarretaratzea egin zuten.
“Toledoko Itunaren gomendioek agerian utzi dute orain arte esaten zigutena, Gizarte Segurantza Publikoa bideragarri ezina dela, eta pentsioak KPIa igotzea ezinezkoa dela. Diskurtso hori era maltzurrean puztu dute botere ekonomiko handiek, eta, aldi berean, pentsio indibidual eta kolektiboen funts pribatuak bultzatzea proposatu dute”, adierazi zuten. Baina salatu dute gomendio horien artean ez daudela onartuta 1.080 euroko gutxieneko pentsioa ezartzea, 40 urte kotizatuta dituzten erretiro aurreratuaren koefiziente murriztatzaileak indargabetzea; soldatetan eta pentsioetan dagoen genero arrakalarekin amaitzea; edota alarguntza pentsioaren oinarri arautzailea %100era igotzea.
Era berean, adierazi dute ez direla jasotzen pentsio duinak bermatzen dituzten enplegu duinak sustatzeko ezinbesteko neurriak . “Ez dira indargabetu 2010eko eta 2021ko lan erreformak, eta ez da ezarri Europako Gutun Sozialean aurreikusitako 1.200 euroko Lanbide arteko Gutxieneko Soldatarik”.
Aurrekontuak. Eguenean Madrileko Parlamentuak aurrekontu orokorrak onartu zituen. Testuinguru politikoari buruzko gogoetak alde batera utzita, pentsiodunak ez daude “pozik” pentsioen igoera orokorraren mugekin. “Pentsioak hilean 402,70 eurora murrizten dira eta lanbide arteko gutxieneko soldata hilean 950 eurotan geratzen da”.
Egoera horren aurrean, Busturialdeko pentsiodunek protestan jarraituko dute, Bizkaikoen eta Euskal Herrikoen modura. “Astelehenero elkarretaratzeak, manifestazioak eta protesta sozialerako beste ekimen are indartsuagoak egiten jarraituko dugu pentsio publiko, enplegu eta soldata duinen defentsan ahal dugun lankidetza eta babes sozial zabalena baliatuz”.