Martxan dago arrantza jasangarria sustatzeko ‘BIOK Erronka!’
Arrantza jasangarria sustatzeko berrikuntza erronka berria da, eta parte hartzeko azken eguna da barikua. Bermeoko Albacora eta Pevasa enpresek eta Bizkaiko Foru Aldundiak bultzatu dute.
Beaz Bizkaiko Foru Aldundiaren sozietate publikoak eta Bermeoko Albacora eta Pevasa atun enpresek sortutako ‘BIOK Erronka!’ martxan dago. Arrantza jasangarria bultzatzeko bide berriak sustatzea du helburu, eta Gernika-Lumoko Udalak bat egin du proiektuagaz.
Ekimenak, BIOK plataformaren bidez, berrikuntza irekiko erronka zuzendu die ETE, ekintzaile, startup edota teknologia zentroetako eta unibertsitateetako ikasleei.
Arratzaren legezkotasuna eta hori egiaztatzen duen prozesuaren segurtasuna zelan egiaztatu daitezkeen pentsatu eta ideia berriak proposatu beharko dituzte ekintzaileek. Baita arrantza osatzen duten eragile guztiei informazio hori eskuratzeko aukera zelan ziurtatu eta erraztu ere. Halaber, hurrengo galderari erantzun bat bilatu beharko diote: “Merkataritza eragiketen digitalizazioak zelan babestu dezake kontsumitzailea atunaren balio katean sistematikoki ematen diren jasangarritasun eta legezkotasun estandarren urraketetatik?”.
Proposamenak aurkezteko azken eguna da abenduaren 11; 18:00ak aurretik jasoko dituzte proiektuak. Epea bukatuta, jasotako erantzunak “arretaz” aztertuko dituzte, eta aurreikuspenen arabera, urtarrilaren 18tik 2ra bitartean aurrez aukeratutako proposamenak defendatzeko elkarrizketak egingo dituztela zehaztu dute, online edota telefonoz. Gero, finalistak erabakiko ditute, eta otsailaren 2an eta 3an, In factory innovation trip izeneko ekimena egingo dute; Albacora eta Pevasa enpresetako talde teknikoekin batera lan egiteko tailerra egingo dute ekimenaren baitan.
Otsailaren 26an jakinaraziko dute proiektu irabazlea zein den, eta irabazleak 15.000 euroko proba pilotua egiteko aukera izango du Albacora eta Pevasarekin elkarlanean.
Eskualdeko enpresa sarea. 2019an, Bermeo, Mundaka eta Sukarrietako eta Gernikaldeko lanbide agentziak Busturialdeko trakzio-enpresekin batera, eskualdeko enpresa sarea “sustatu eta sendotzeko” lanean hasi ziren. Geroago, Urdaibaiko Patronatua batu zen.
Hori horrela, aurtengo lehen seihilekoan, itsasoaren, automobilgintzaren eta egurraren sektoreetako eskualdeko zortzi enpresek arlo horietako aukera ardatzak identifikatu zituzten. Horietatik abiatuta, aurre egin beharreko erronkak definitu zituzten, besteak beste, Biok plataforman orain kaleratutakoa. Albacora, Egoin, Maier group, LGK Logistika, Echebastar, Pevasa, TDG Clamping Solutions eta Wartsila izan ziren parte hartzaileak.