Garai mingotsentzako, ‘Goxokiak’
‘Goxokiak’ izeneko laugarren lan luzea kaleratu du Hibai Etxebarriak. Hamar kantuz osatutako bonboi kaxa koloretsu eta alaia da diskoa, egoera zailen aurrean bizipoza transmititzen duena.
Gazi-gozoa da bizitza, mila zaporeduna. Gaur egungo garaia, baina, mingotsa da, eta errealitatea eztitzeko gozokiak proposatzen ditu Hibai Etxebarria musikari gernikarrak.
2017an bakarlari gisa hasi zenetik laugarren lan luzea kaleratu du orain, Goxokiak izenekoa. Zapore propioa duten kantuz osatutako “bonboi kaxa” da, kantu koloretsu eta alaiez betea.
Momentu gogorrei aurre egiteko gozotasun apur bat beharrezkoa dela iritzita eraiki du Etxebarriak orain arteko diskorik desberdinena. “Egoera ere desberdina delako da desberdina”, azaldu du. Gizartearen aldaketen aurrean sortzaile eta artistek erreakzionatzen jakin behar dutela dio musikariak, “gizarteari behar duena emateko“. Hala, mezu positiboak beharrezkoak direla ondorioztatu eta disko alaia eta bizia prestatu du: “Kontzertu bat eman nuen uztailean Euskaldunan, eta musikarien artean giro oso tristea sentitu nuen. Kulturaren egoera dramatikoa da, eta konturatu nintzen garaira egokitutako diskoa beharrezkoa zela. Eta zer hobeto goxokiak baino. Azukre pixka bat ematera nator”.
Ezustekoz betetako zapore eta itxura guztietako hamar bonboik osatzen dute diskoa. “Bakoitzaren gustua desberdina da, baina denak dira goxokiak”.
Musikari eklektikoa da gernikarra, soinu bakar batetik aldendu eta musika eta estilo oso desberdinak jorratzen dituen horietakoa. Lan berrian agerian geratu da hori, inoiz baino gehiago, gainera. Izan ere, disko “oso heterogeneoa” sortu du: rapa, gospela, dance musika edota rockeroa entzun daitezke bertan. Hain zuzen, Hibairen musikan ohizkoak diren rock gitarrak, orkestazioak, haizezko instrumentuak, elektronika edo euskal zein atzerriko folkloreen soinuak aurkituko dituzte entzuleek. “Kanta bakoitza pertsona batentzako edo momentu ezberdin baterako egindakoa da. Ez naiz estetika batean gelditzen den pertsona bat. Nire marka da hori, eta disko honetan nabaritzen da”, azaldu du.
Estilo aniztasun hori kolaboratzaileen estilo ezberdinetan ere nabaritzen da. Bere zuzeneko bandagaz grabatu ditu abestiak, baina 120 lagun baino gehiagok parte hartu dute grabaketa prozesuan, 70 musikarik baino gehiagok. Horien artean daude Yogurinha Borova, Camelo, Zuriñe Hidalgo, Aitor Etxebarria, Ayna Ziskar, Marco Paul, Kike Mora, NaZ edota Ruben Salvador. Bakoitzak osagarri propioak gaineratu dizkie errezetei. “Ez dago dirurik hori eskertzekorik. Abestia sortzerakoan elkarbanatzea gustatzen zait, eta hori egin dut parte hartzaile guztiekin”.
Lau hilabetetan egin du sortze prozesu guztia Etxebarriak. Uztaila eta abuztua pentsatzeko eta ideiak finkatzen aprobetxatu zituen, ideak landuz eta kantuei forma emanez. “Ni naiz proiektuaren zuzendaria, abestiak nik sortu ditudalako. Baina sortze prozesu hori eginda, kantak jendeagaz elkarbanatzea gustatzen zait. Horri ematen diot garrantzia. Hala, iraila, urria eta azaroko lehen bi asteak grabatzen igaro ditugu”, azaldu du musikari gernikarrak.
Ehun artista baino gehiago eta zazpi estudio: Mexiko, El Salvador, Ibiza, Madril, Bilbo, Oiartzun eta Gernika-Lumo. Kolaborazio asko izateak aurrera eta atzera ibiltzea eragin dio, baina “pozik eta gustura” lan egin du.
Txiribiri da bere abestirik gustukoena, El Salvadorreko Camelo bandagaz grabatutakoa. “Udan Latinoameriketatik bira bat egitekoa nintzen, eta bertan grabatu behar genuen abestia. Baina ezin izan dugu egin bira udan, koronabirusak sortutako egoera tarteko”. Hala ere, Internet bidez grabatu ahal izan dute abestia, musika artxiboak kontinente batetik bestera bidaliz: “Instrumentuak grabatu dituzte, eta lan handia egin dute”. Madrilen, Bilbon edota etxean ere grabatu ditu pasarte batzuk, baina Oiartzungo Mecca estudioari aipamen berezia egin dio: “Nire operazio zentroa da”.
Grabaketa prozesuko zailena orkestrak eta koruak grabatzea izan dela dio: “Ez da erraza izan jendea batzea, eta nik nahi nuena baino tamaina txikiagoan grabatu behar izan dugu dena. Baina lortu dugu, eta pozik gaude. Itzela da diskoa”. Asmo oneko jende askoren elkarlanaren fruitu goxoa dela dio musikariak.
Maitasuna, ardatz
Abesti erabat desberdinak dira bonboi kaxan gordetakoak, koloretsuak, erritmo alaiez betetakoak. Baina denek dute mezu baikorra. Kantu guztiek jorratzen dute maitasuna, era guztietako maitasuna. “Bizitzarekiko maitasunaz ari da diskoa. Abesti bat familiarekiko maitasunari buruzkoa da, eta beste batzuek laguntasunari buruz hitz egiten dute, maitasunak dituen forma ezberdinak agerian utziz. Sexuala ere bada, maitasunak forma sexuala ere badaukalako”, argudiatu du, eta gaur egun maitasuna “oso beharrezkoa” dela azpimarratu du.
Kulturarekiko maitasuna du Etxebarriak, sortzen gozatzen du. Gaur egungo egoerak, baina, kultura gogor astindu duela badaki musikariak: “Oso gogorra da kulturaren egoera. Oso tristea da mundu hau zelan dagoen ikustea. Asko dira hiltzen ari diren proiektuak. Heriotz asko dago, eta gehiago egongo da datorren urtean. Izan ere, gizarteak kulturari ematen dion garrantzia eta guk egiten dugun sakrifizio pertsonala askotan ez datoz bat. Jende askok beste bide batzuk hartuko ditu”.
“Kulturaren egoera dramatikoa da,
eta azukre pixka bat ematera nator”
Kultur arloan abesbatzen mundua «oso gaizki» dagoela dio: “Abesbatzekin telebistako programa bat egin nuen, eta esperientzia ikaragarria izan zen, bizitzako potenteenetarikoa. Eta badakit kulturan musika arlo bat gaizki badago, eurena dela”. Horrenbeste jende biltzea ez da erraza oraindik, eta ezin dute entseatu. Diskoko hiru abestitan abesbatzak ageri dira, eta Etxebarriak dio hori dela eurei “babesa” emateko bere modua: “Egiten duten lana babestu gura nuen diskoagaz, eta horregatik aukeratu ditut abesti horiek”.
Jendeak diskoa entzutea eta gozatzea gura du orain: “Egunerokotasunean jendeari lagungarri izatea da lan honen asmoa, horretarako sortu dugu diskoa”. Egindako lan hori guztiori jendaurrean aurkeztuko du abenduaren 7an, 16:50ean, Durangoko Azokako Plateruenako emanaldietan. Halaber, hilaren 26an lan berria herritarren aurrean aurkeztuko du, Lizeo Antzokian.