Arrantza selektiboagoa egiten duen Sharkface proiektua saritu dute
80 lagunek osatutako 20 taldek parte hartu zuten azaroaren 21ean eta 22an egin zen Innovathon Bermeon lehiaketan.
Omegabyte taldearen Sharkface proiektuak irabazi du Bermeo Tuna World Capitalek (BTWC) antolatutako Innovathon Bermeo Internet bidezko maratoia. Espezie osagarrien kudeaketa hobetzeko erronkari erantzuten dion arrantza selektiboagoa eta iraunkorragoa egiteko proiektua da.
“Espezie osagarrien harrapaketa murrizteko erronka aukeratu dugu; izan ere, inguraketa-arrantzaren metodoa, nahiz eta beste arrantza metodo batzuk (tretza, esaterako) baino selektiboagoa izan, batzuetan produktibitate txikiko espezieak harrapatzen ditu, hala nola, marrazoak. Horrek zuzenean eragiten dio itsas ekosistemari. Modu horretan, biodibertsitatea aberasteko eta arrantza sektoreari errespetuzko arrantza egiten laguntzeko borrokan gure aletxoa jarri nahi dugu”, adierazi du Oier Begiristain Omegabyte talde irabazlearen bozeramaileak.
Omegabyte taldearen Sharksafe proiektu irabazleak 15.000 euro baino gehiagoko balioa duen saria jaso du: 10.000 euroko ekarpen ekonomikoa, 70 orduko mentoring zerbitzua, proi-
ektua garatzeko udalak Bermeon emandako lokala eta 2021ean Lisboan egingo den Innovathon txapelketaren finalerako bidaia. Final horretan, irabazleek bere negozio eredua aurkeztuko dute Nazio Batuen Ozeanoen Mundu Konferentziaren esparruan. Taldeko kideek adierazi dutenez, finalean egoteak «ateak irekiko dizkie ekintzailetzarako», eta erronka horri aurre egiteko «oso motibatuta» daudela gaineratu dute: «Hodeietatik jaisten saiatzen jarraitzen dugu, ez dugu sinesten!».
Ideia berritzaileak sortzen. Azaroaren 21ean eta 22an egin zuten Innovathon Bermeo. Arrantzaren Munduko Egunagaz bat eginez, 20 talde batu ziren industriaren iraunkortasuna hobetzen lagunduko duten ideia berritzaileak sortzeko.
Talde horien artean zeuden startup-ak, ekintzaileak, azken ikasturteko ikasleak, graduatu berriak eta masterreko ikasleak. Guztira, 80 parte hartzaile izan ziren; horietatik,%75 Araba, Bizkai eta Gipuzkoak izan ziren, eta %26, berriz, Espainiako Estatukoak. Horiek guztiek Satlink, Eroski, Azti, MSC, Albacora, BEAZ Bizkaia, Bolton Food eta ISSFko aholkularien laguntza eduki zuten beraien lanak garatzeko orduan.
Proiektuak ebaluatzeko eta irabazlea aukeratzeko azken lana epaimahaiari egokitu zitzaion. Epaimahaia honakoek osatu zuten: Anabac eta Opagac, BTWC, Azti, Bermeoko Udala eta CEiiA (Nazio Batuen itun globalari lotuta).
Ignacio Serrats BTWCko presidentearen esanetan, aurkeztutako lanen maila “oso altua” izan zen: “Pozgarria izan da neska-mutil horiek ideiak eta arrazoiak sortzeko duten gaitasuna ikustea. Horietako asko, gainera, sektorean esperientziarik gabeak dira, oso gazteak. Hala ere, sortzeko, lanerako eta ikasteko gogo handia daukate”.
BTWC elkarteak atunaren arrantza sektorerako eta industriarako erantzun berritzaileak aurkitzeko asmoz antolatu zuen Innovathon Bermeo lehiaketa, “sektore honetako berrikuntza-maratoi birtualik handiena”, hain zuzen.
Lehiaketaren helburua zen atunaren arrantzaren sektorerako irtenbide berrritzaileak aurkitzea eta GIHak betetzen laguntzeko irtenbide teknologiko, sortzaile eta bideragarriak garatzea. Helburua orain, diotenez, hegalabur industriak hackathonetik ateratako ideiak aplikatu ahal izatea da.