Erabakia azken osoko bilkuran onartu zuten, Gernika-Lumoko Merkatari Elkartuek aurkeztutako mozioa eztabaidatu eta gero. SOS Ostalaritza plataformakoen mozioa ez zuten onartu.
Gernika-Lumoko ostalariek ez dute udal tasarik ordaindu beharko terrazak jartzeagatik. Halaber, ostalaritzari eta merkataritzari buruzko 2021erako tasak eta zergak izoztea erabaki dute, “koronabirusaren pandemiak iraun bitartean”. Erabakia azken osoko bilkuran onartu zuten, Gernika-Lumoko Merkatari Elkartuek aurkeztutako mozioa eztabaidatu eta gero.
2020 eta 2021eko terrazen tasa kentzea edo murriztea eskatu zuten elkartekoek. “Egia da terrazaren azalera handiagoa dela, baina esan behar da ostalaritza ez dela erabat ireki, eta gobernuen murrizketek gehien kaltetu duten sektorea dela”. Hori horrela, aforoen murrizketak iraun bitartean, terrazen azalera handiagoa bere horretan mantentzea eskatu zuten. Ostalaritzari eta merkataritzari buruzko 2021erako tasak eta zergak izoztea ere aldarrikatu zuten Merkatari Elkartuak taldekoek.
Ostalaritzaren etorkizunaz hitz egiteko, gainera, udalean merkataritzako mahaia sortzea eskatu zuten, eta bertan ostalarien ordezkari bat egotea: “Sektoreari buruzko informazioa emateko gai dena eta mahai horretan hartzen diren erabakiak martxan jartzeko ahalmen exekutiboa duena”. Horretarako, alkateagaz batzea ezinbestekoa dela deritze, etorkizuneko jarduera-ildoak aztertzeko.
Gernika-Lumoko Merkatari Elkartuen mozioa aho batez onartu zuten osoko bilkuran, baina SOS Ostalaritza plataformakoek aurkeztutakoa ez.
SOS Ostalaritzaren eskaerak. Terrazen 2020 eta 2021eko tasa indargabetzea eta udal tasa eta zergak izoztea eskatzeaz gain, txikizkako merkataritza, ostalaritza eta jatetxeei zuzeneko diru laguntzak ematea eskatu zuten. Zabaltzen uzten dietenean, gainera, alokairu eta hipotekak ordaintzeko laguntza ekonomikoen osagarriak eskatu dituzte.
Halaber, diru laguntzen informazioa argitaratzea, janaria etxez etxe banatzen duten establezimenduei laguntzeko plataforma bat sortzea eta udalagaz harremantzeko bide iraunkorra zabaltzea eskatu zuten. Izan ere, euren egoera “dramatikoa” dela diote, eta ostalaritzaren behatokiak ere hori islatzen duela gaineratu zuten. “Agerraldiak gelditzeko neurriek ostalaritza sektorea larriagotu baino ez dute egin. Ez ditugu neurri horiek zalantzan jarri nahi, onartu ditugu, baina gure ezinegona islatu gura dugu”.
Mozioaren alde egin zuen koalizio abertzaleak, eta kontra EAJk. Jose Maria Gorroño alkateak adierazi zuenez, udala herriko zerbitzuen “gestorea” da: “Udalak ez dauka konpetentziarik hezkuntzan, osasunean, edota lanean. Ez eta gaitasun ekonomikorik ere. Ostalarien egoera ez da hobetuko udalaren laguntzekin bakarrik, gobernuek ekarpenak egin behar dituzte. Aldundiaren araberakoa da udalen dirua, eurek ematen duten diru laguntzena”. Halaber, eskatzen dituzten laguntza osagarriak egoera latzean daudenei ere banatu beharko zaiela uste du, “ez bakarrik ostalariei”.
EH Bilduk, bere aldetik, azalpenak eskatu zizkion martxoan iragarritako diru laguntzei buruz: “COVID-19ak eragindako egoera leuntzeko martxoan iragarritako laguntzetarako 250.000 euro oraindik banatu gabe daude; beharrizana egon badago. Alkateak berak aipatu zituen batzuk: lana galdu dutenak, negozioa itxi, edota diru sarrera murriztua dutenei. Goazen ba, herritarrak zelan lagundu pentsatzera”.
“Banaketa”. EH Bilduk, gainera, salatu du Gernika-Lumoko Udalak ostalarien arteko “zatiketa” irudikatu gura izan duela: “Harritzekoa da Merkatari Elkartuen eskaera arrunta udal gobernuka mozio bihurtzea eta udalbatzara eramatea, ez bada SOS Ostalaritzak aurkeztutakoaren kontramozio modura aurkezteko eta ostalarien artean zatiketa edo bi bando daudela irudikatzeko. Argi dago banaketa bat egin nahi izan zela batzuen eta besteen artean, nahiz eta asko izan elkarte batean zein bestean dauden ostalariak”.