Udalak iriste erraztasuna hobetzeko lanak egingo ditu
San Frantzisko herri ikastetxean eta Hizkuntza Eskolan egingo dituzte lanak.
Bermeoko Udalak San Frantzisko herri ikastetxeko eta Hizkuntza Eskolako iriste erraztasuna hobetzeko lanak egingo ditu datozen egunotan. Udal ordezkariek azaldu dutenez, urteetako eskariei erantzuna emateko lanak dira.
Hizkuntza Eskolako lanak hasi dituzte. Bertan, iriste erraztasuna hobetzeko arrapala berria egingo dute zentroko sarrera nagusian. Hamabost metro inguruko arrapala egingo dutela azaldu dute, eta modu horretan, eskailerak saihestu ahal izango dira. Horrez gain, beheko eta lehenengo solairuen arteko iriste erraztasuna hobetzeko, plataforma mekaniko berri bat ere instalatuko dute. Lan horiek guztiak egiteko, udalak 46.307,92 euroko inbertsioa egingo du.
Aste amaieran hasi. San Frantzisko herri ikastetxerako, berriz, sarrera berri bat egingo dute Atalde kaletik. 33 metroko arrapala egingo dute, eta jakitera eman dutenez, L forma edukiko du. Era horretan, eraikinaren hegoaldean kokatutako bulegoen ondoko gune irekia eta goiko patioa lotuko ditu arrapala berriak.
Lan horiek egiteko 90.737,17 euro bideratuko ditu Bermeoko Udalak, eta aste amaieran hastekoak direla azaldu dute.
Eskola publikoko eta Hizkuntza Eskolako iriste erraztasuna hobetuta, Bermeoko Udal Gobernuak legealdi hasieran hartutako “konpromiso nagusietako” bat beteko duela gogora ekarri dute.