Hurbileko merkataritza eta ostalaritza saritu ditu udalak
55 establezimenduk parte hartu dute 'Nik Gernika' sarian jasotzeko lehian, eta horietako lau saritu dituzte: Musutruk, Kalekho, Lorategieta Unico eta Drogeria Amutio.
Gernika-Lumoko Udalak merkatari eta ostalariek egiten duten hurbileko lana saritu gura izan du, eta lau sari banatu ditu horretarako: ostalaritza, merkataritza berritzailea, auzoko merkataritza eta merkataritzaren ibilbidea.
Hain zuzen, 55 establezimenduk parte hartu dute Nik Gernika sariak jasotzeko lehian, eta horietako lau saritu dituzte: Musutruk, Kalekho, Lorategieta Unico eta Drogeria Amutio.
Nik Gernikan Ostalaritza saria Musutruk Kafe Antzokiarentzat izan da, Noelia Sernaren gidaritzapean zuzendutako taberna balioaniztuna. Izan ere, establezimenduan erakusketak, kontzertuak edota dastaketak egin izan dituzte. Gainera, erakusleihoen lehiaketetan ere hainbat sari jaso dituztela nabarmendu dute, bai herri zein Bizkaia mailan.
Merkataritza berritzailea bultzatzearen saria, berriz, Kalekho zaharberritze-tailerrarentzako izan da. Merkatu hori berreskuratzeko eta altzarien sektorea berritzeko egindako lanagatik jaso du aitorpena, baita jasangarritasunaren aldeko apustu garbia egin duelako ere. “Sara Casado eta Almu Gonzalez sustatzaileek antzinako altzariak berreskuratu dituzte, piezak aldatzeko aholkuak ematen dituzte, eta euren establezimenduan altzariak zaharberritzeko eta sormenez eraldatzeko teknika espezifikoei buruzko ikastaroak ematen dituzte”, azaldu dute.
Lorategietako Unico supermerkatu historikoak jaso du auzoko merkataritza bultzatzearen saria. 1975ean sortu zen, industriaren gorakada eman zenea, eta 2002an Miren Karmele sortzaileak erretiroa hartu zuenean, Jose Angel Urionabarrenetxeak hartu zuen haren kargua. Zerbitzua berritu eta hobetu zuen.
Drogueria Amutiok, berriz, merkataritza ibilbidearen saria jasoko du, duela 72 urtetik herritarrei zerbitzua ematen egindako lanagatik. “1948an inauguratu zuen Antonio Amutiok, premiazko artikuluen hornikuntza ezari aurre egiteko; batez ere higiene, etxea garbitzeko produktuak eta haziak zituzten”, azaldu dute arduradunek. Merkatarien familia sagaren aitzindaria izan zen Antonio Amutio, eta haren atzetik bere seme Xabierrek hartu zuen establezimenduaren kargua. Ondoren, Felicidad Izagirre izan zen buru, eta orain, Ainara Amutiok kudeatzen du: “Etorkizuneko apustua egin du neska gazteak, hurbileko merkataritzarako historiako momenturik zailenetako batean”.
Sari hauekin, egunero-egunero tokiko merkataritza eta ostalaritza bultzatzen duten profesionalen lana balioan jarri gura izan du udalak. “Pertsiana egunero irekitzen dute, bizilagunekin bizi dira eta herri hurbileko eredu bat eraikitzen dute. Horregatik, Gernika-Lumoko Udalak saritu nahi ditu haien lan bikaina, produktuen kalitatea, bezeroekiko tratu ona eta tokiko saltokien ibilbidea”, azaldu dute.
Ekimen hau 2018an hasi zen prosezu batetik sortu da, gaur egun gauzatzen da eta urtero egingo da, “merkatarien kolektiboaren lanari balioa ematako”. Izan ere, sektorean 750 pertsona inguru ari dira lanean, eta 400 establezimendu baino gehiago irekita daude.