Bizkaiko eta Eskoziako gazteek kulturari buruz hausnartu dute Batzarretxean
"Kultura eta Etorkizuna" izeneko eztabaidaren lehenengo batzarra egin zuten Batzarretxean, ikasleek kulturari buruz dituzten iritziak ezagutarazteko.
Bizkaiko eta Eskoziako ikasleen ahotsa ozen entzun zen atzo Gernikako Batzarretxean. Hain zuzen ere, eskolen arteko nazinoarteko “Kultura eta Etorkizuna” izeneko eztabaidaren lehenengo deialdian bildu ziren ikasleak. Fair Saturday fundazioak, Bizkaiko Foru Aldundiak eta Eskoziako Gobernuak sustatutako ekimena izan zen.
Hain zuzen ere, Bizkaiko eta Eskoziako gazteek kulturak etorkizunean izango duen garrantziari buruzko gogoetak plazaratzeko aukera izan zuten atzo, modu librean. Horretarako, Kirmen Uribek testu berezi eta argitaratu gabea prestatu zuen, “parte hartzen duten ikasleen gogoetak pizteko helburuagaz”.
Foro horretan, Ana Otadui Bizkaiko Batzar Nagusietako lehendakariak eta Lorea Bilbao euskara, kultura eta kiroletako diputatuak ikasleen gogoetak entzun zituzten. Hain zuzen, Bizkaiko 20 ikastetxetako 1.500 ikaslek ikasgeletan Fair Saturday asteari buruz hausnartutakoak plazaratu zituzten. Udalerrien artean joan-etorriak egiteko indarrean dauden murrizketak direla-eta, Barrutialde BHI izan zen parte hartu duten ikastetxe guztiak Batzarretxean ordeztu zituen institutua; Barrutialdeko batxilergoko 2. mailako ikasleak bertaratu ziren euren gogoetak eta ondorioak zabaltzera.
Etorkizuneko kultura “gertuagoa, zuzenagoa eta gizatiarragoa” izan behar dela eztabaidatu zuten. Hala, euren kontzientzia kritikoa zabaldu zuten gazteek, eta, kulturaren aurrean jarrera positiboa bultzatu behar dela ondorioztatu.