Bermeoko Udalak 1.000 bonu gehiago jarriko ditu salgai abenduan
Hilabete honetan ez dago sei euroko bonurik, eta aurreko hilabeteetan ez bezala, bonu guztiak erabili ahalko dira parte hartzen ari diren establezimendu guztietan.
Ekainean abiarazi zuten bonuen kanpainaren arrakasta ikusita, Bermeoko Udalak erabaki du hilabete honetarako aurreikusita zeudenak baino 1.000 bonu gehiago jartzea herritarren eskura.
Gogora ekarri dutenez, kanpainaren helburua da herriko merkatari, ostalari eta turismo enpresak laguntzea eta herritarrei erosketak egiteko erraztasunak ematea. Ia 8.000 bonutan banatuta, Bermeoko Udalak 77.500 euro inbertituko ditu ekimen horretan.
Hilabete honetan, gainera, zenbait aldaketa egongo direla azaldu dute. Abenduan ez dago sei euroko bonurik aukeran, eta aurreko hilabeteetan ez bezala, bonu guztiak erabili ahalko dira parte hartzen ari diren establezimendu guztietan (160 saltoki). Hala, abenduan, 10 euroko (15 euro gastatzeko) eta 20 euroko (30 euro gastatzeko) bonuak jarri dituzte herritarren eskura. Pertsona bakoitzak, gehienez, lau bonu erosi ahalko ditu eta erosketa bakoitzeko bi bonu erabili ahalko dira.
“Oso pozik gaude Nik, BermeON egitasmoaren barruan martxan jarri genuen bonuen kanpaina izaten ari den erantzunarekin. Gure helburua zen herriko saltoki, ostalaritza establezimendu eta turismo enpresak laguntzea eta nik uste neurri batean lortu dugula. Ez dira garai errazak inorentzako eta espero dugu ekimen honek laguntzea. Erantzun ona ikusita eta Gabonetan gastu garrantzitsuak egiten direla ikusita, udaletik ere ahalegina egin dugu kanpaina honi beste bultzada bat emateko”, esan du Bermeoko Udaleko turismo zinegotzi Kepa Zumetak.