Sare sozialen erabilera egokiak landuko dituzte Busturialdeko institutuetako ikasleek
Busturialdean dauden hiru institutuetako DBH1eko ikasleei zuzendutatako tailerrak izango dira; 220 ikasle inguruk parte hartuko dute.
Beste urte batez, Informazio eta Komunikazio Teknologiak eta sare sozialak era egoki eta seguruan erabiltzeko tailerrak egingo ditu Bizkaiko Foru Aldundiak, Gaztedi Busturialdea proiektuaren barne. Izan ere, “gaur egungo gizartean, eta bereziki, nerabezaroan, informazio eta komunikazio teknologiek garrantzia handia hartu dute formazioan, hezkuntzan eta bere berdinekin harremanak izaterako orduan”.
Modu horretan, Busturialdean dauden hiru institutuetako DBH1eko ikasleei zuzendutatako tailerrak izango dira; 220 ikasle inguruk parte hartuko dute. Hamabi tailer antolatu dituzte, 2019an baino 5 gehiago. Azaldu dutenez, aurten, COVID-19a dela-eta, tailerrak gelaz gela egingo dira, gelak batu barik.
Asteon eskainiko dituzte lau tailer Bermeoko Ignacio Arozena institutuan, bihar eta abenduaren 4an (barikua). Bi orduko tailerrak izango direla zehaztu dute eta Jon Gomez Garaik eskainiko ditu. Bermeon, 80 gaztek parte hartuko dute.
Gernikako BHIn, berriz, sei tailer eskainiko dituzte, abenduaren 9a eta 11 bitartean, eta 111 ikaslek parte hartuko dute.
Barrutialde Institutuko ikasleek dagoeneko jaso dituzte tailerrak. Azaroaren 4an izan ziren bi tailerrak, eta 30 ikasle inguruk parte hartu zuten.
Tailer horien helburuak honakoak dira: Sare sozial eta horien ezaugarri eta ondorioei (positibo zein negatibo) buruzko hausnarketa egiteko eremua ezartzea eta sare sozialen erabilera egokirako baliabidez hornitzea.
Bestalde, azaldu dutenez, tailerrak DBH1eko ikasleentzat (12 urte) bideratzen dituzte, “adin horretako gazteen gehiengoak Whatsapp, Instagram, Youtube, Tik Tok eta bestelako sare sozialetarako sarbidea duelako eta askotan ezjakintasunez eta era guztietako arriskuak bere gain hartuz erabiltzen dituztelako”.