Garai berrietara egokitzen
Hamabost urtean garai berrietara egokitzen jakin du egunkariak; nternet eta sare sozialetara jauzia eman du herritarrei momentuko eta gertuko informazioa eskaintzeko
Busturialdeko euskalgintzak, gizarte eragileek eta Berriaren Euskarazko Komunikazio Taldeko Bertako Hedabideak egindako ahaleginari esker jaio zen 2005eko abenduan Busturialdeko Hitza. Bermeoko frontoian egin zen aurkezpena, eta bertan banatu zituzten Busturialdeko euskarazko lehen egunkariaren aurreneko aleak.
Busturialdeko herri informazioan euskarazko prentsak zeukan hutsunea bete asmoz paperean ikusi zuen argia lehenengo. Eskualdeko informazioan erreferente eta euskararen normalizazioan lagungarri izango zen kalitatezko egunkaria izatea zuen helburu. Egunkaria ezagutzera emateko 0 zenbakia urriaren 31n atera zen, eta 1. zenbakia abenduaren 15ean zegoen kalean. Hogei herriren berri ematen du lehen argitalpenetik: Bermeo, Mundaka, Sukarrieta, Busturia, Murueta, Forua, Ea, Gernika-Lumo,Mendata, Gautegiz-Arteaga, Elantxobe, Nabarniz, Ibarrangelu, Muxika, Ajangiz, Kortezubi, Ereño, Errigoiti eta Morga.
Hasiera batean, astean sei aldiz banatzen zen, martitzenetik domekara, baina diru laguntza faltagatik, 2007ko otsaila eta gero, martitzenetik zapatura bitartean argitaratzen hasi zen. Laguntzak ez ziren heltzen, eta egoera ekonomiko okerragatik, batez ere diru laguntza publikoen urritasunak eraginda, Lea-Artibai eta Mutrikuko Hitzagaz bat egin zuen. 2010eko azaroaren 5ean argitaratu zen batu ondorengo lehen zenbakia. Batzera behartuta egon arren, produktuaren kalitatea mantentzea ez eze, hobetzea ere izan zen erronka; bideari eutsi eta eskualdeko informazioa ahalik eta ondoen lantzen jarraitzea etorkizunean ere.
Martitzenetik barikura, egunero kaleratzen da egun; zortzi orrialdekoa da martitzenetik eguenera, eta berezia, 16 orrialdekoa, barikuetan. Horregaz batera banatzen da 16 orrialde dituen Bizkaiko Hitza ere.
Paperagaz gain, etorkizunari aurrea hartu eta garai berrietara egokitzen ere jakin du Busturialdeko Hitzak. Horrela, paperean sortu eta denbora gutxira, Interneten ere eskura egon zen egunkaria, herritarrak ahalik eta modu bizkorrenean eta zuzenean informatzeko. 2006ko uztailaren 5ean martxan jarri zen webgunea, baina jauzi handiagoa eman zuen oraindik, handik urte betera. 2007an webgunea berritu eta edizio jarraituari ekin zion, eta herritarren eta gizarte eragileen leihoa ere bilakatu zen webgunea, atal berriekin: blogak, bideoak, Zurea da Hitza, elkarrizketa digitalak… Horrela, irakurleek eta gizarte eragileek bidalitako argazkiek, iritziek eta albisteek ere hartu zuten lekua Hitzan. Webgunearen diseinu aldaketagaz batera paperaren diseinuak ere eraldaketa eduki zuen.
Baina kazetaritza zein Internet, etengabe berritzen ari diren bi mundu dira, eta beste gauza askotan bezala, Hitzak egokitzen jarraitu du aldiro-aldiro. Horrela, sare sozialetan –Facebook, Twitter eta Instagaram– ere informazioari zabalkundea ematen zaio. Aldi berean, sare sozialak herritarrekin harremanetan egoteko bide ere badira.
Egoitzak. Herritarrengandik eta herritarrentzako sortutako proiektua da Hitza, eurekin eta eurentzako. Hori dela eta, eurengandik hurre egotea ezinbestekoa da Busturialdeko Hitzarentzat. Bide horretan, bulego bi ditu egunkariak, bata Bermeoko Atalden, eta bestea, Gernika-Lumoko Elbira Iturri kalean. Bertan hasi zen duela hamabost urte egunkaria, eta bertara itzuli da berriro. Bai aurrez aurre, bai egunkariak ematen dituen zerbitzuen bidez egon nahi du Hitzak herritarren ondoan eta haien eskura.