«Eskualdearen eta euskararen ikuspegia hutsik legoke HITZA barik»
Hitza proiektua orain dela 15 urte jaio zen. Alkate zinen Muruetako Udalean eta hasieratik erabaki zenuen babesa ematea. Zergatik?
Hala da bai, Muruetako Udala hasieratik egon da proiektua babesten. Busturialdeko Hitzak hutsik zegoen leku bat lantzeko aukera emango zuela uste genuen. Bi arrazoi ikusi genituen proiektua babesteko. Batetik, bertoko herriei eta bertoko gertakizunei lekua emateko prentsa agertzera zihoan. Bertoko gauzei prentsa orokorrak eman ezin zion lekua betetzera zetorren. Eskualdekoa izatean, bertoko herriei eta gertakizunei leku zabala emateko aukera eskaintzen zuen. Ondo eta beharrezko ikusten genuen, gainera, alde hori. Bestetik, euskarari bultzada bat ematera ere bazetorren, euskara indartzeko ekimen bat modura ikusten genuen. Bertokoa eta eguneroko joan-etorriak euskaraz idatzita ateratzeak euskaraz irakurtzeko zaletasuna piztuko zuela uste genuen. Herririk herri ez ezik, etxez etxe iristeko aukera eskaintzen zuen, eta oraindik egiten du, auzoetara ere iristen baita. Lehen aipatzen nuen hutsune hori betetzeko tresna bat zen, hortaz. Udal mailako apustua egiten genuen gure taldetik, eta kasu honetan, udaletik haratago eskualdea lantzeko aukera ere ematen zuen.
Herritarrek zelan ikusi zuten?
Orokorrean ondo. Euskaraz irakurtzeko ohiturak zabaldu behar dira. Oraingo gazteek eskoletan hartzen dute ohitura hori, lehengo belaunaldietakoek, aldiz, ez zeukaten ohitura hori, gaztelaniaz egin baitzituzten ikasketak. Eta, Hitzak lagundu egin du horretan. Hasieran, agian, euskaraz irakurtzeko ohiturarik ez zeukatenentzako nagia eman ahal zuen. Baina Hitzak tiratu egin zituen, eta nagi hori kentzeko baliogarria izan da.
Zure ustez orduan, Hitzak herriari eta euskarari emandakoa baliogarria izan da?
Bai, eta gaur egun ere lehen aipatu dudan lekua betetzen jarraitzen du Hitzak. Hitza egongo ez balitz, hutsik edo erdi hutsik egongo litzateke bai eskualdearen ikuspegia baita euskararen ikuspegia ere.
Alkate modura erabili zenuen Hitza herriko informazioa zabaltzeko?
Bai, erabili izan dut. Prentsa orokorrago baten izango ez lukeen lekua eman die Hitzak Muruetako Udalaren albisteei. Hala ere, nire pentsamendua beti izan da ez dagoela norberaren erakutsia eman beharrik, hau da, udalak ez duela bere propaganda egiten joan beharrik, egunkariak ere bila etorri behar duela.
Administrazioen laguntza beharrezkoa dela uste al duzu?
Bai. Uste dut ikasi behar dugula administrazioaren laguntza barik jokatzen, baina gauza batzuetan ezinezkoa da. Hizkuntza aldetik administrazioak ez badu jartzen bere aldeko laguntza hori, benetan zaila da bizirautea. Euskarazko prentsak bere mugak ditu, eta, hortaz, administrazioak laguntzen jarraitu behar duela uste dut.
Ze etorkizun ikusten diozu Hitza proiektuari?
Etorkizun zaila ikusten diot, baina prentsari orokorrean. Gaur egungo informazio ohiturak epe laburretara eta erakargarrietara bideratuta daude, benetako kazetaritzara baino. Alde horretatik, lehia-
kortasun handia dago. Hala ere, prentsa orokorraren moduan, ikusten dut Hitza ere formatu digitaletara egokitu dela, eta batera edo bestera informazioa eskaintzen jarraitzen duela. Orain, ez nago Muruetako Udalean, baina nik neuk nire bultzada pertsonala ematen jarraituko dut proiektuak aurrera egin dezan.