Beste aldera ez begiratzeko
Busturialdean ozen entzun da indarkeria matxistaren kontrako aldarria. Ekitaldi jendetsuen ordez, bestelako moduetan bada ere, berdin-berdin zabaldu dute mezua han eta hemen.
Euskal Herrian lau emakume hil dituzte 2020an. Indarkeria sexista, baina egunero gertatzen da, modu askotan. Urtero moduan, aldarrikapenez bete ziren kaleak, atzo Emakumeenganako Indarkeriaren Kontrako Egunean. Busturialdean asko dira egunotan antolatutako ekintzak, bai eta udaletan onartutako adierazpen instituzionalak ere.
Esaterako, Bermeon eta Busturian elkarretaratzeetan batu ziren atzo arratsaldean. Bermeotarrek Taraskan kandelak biztu zituzten indarkeria matxistagatik hildakoen emakumeen omenez. Bide batez, kandela horiek aprobetxatu zituzten bertaratutakoen artean segurtasun distantzia mantentzeko. Bermeoko Mugimendu Feministak egindako deialdiari erantzunez, jendetsa batu zen ordu erdi inguruko kontzentrazioan.
Gernika-Lumon, ostera, adin, lan-eremu eta jatorri desberdinetako 30 emakumek performance-a egin zuten Foruen plazan. Indarkeria mota desberdinetako adibideak azaleratu zituzten. Eskualdeko hezkuntza zentroetan ikasturtean zehar gaia landu eta azaroaren 25ean ere ekintzak egiten dituzte urtero, eta esaterako, Gernikako Institutuko hezkidetza taldekoak elkarretaratzean elkartu ziren atsedenaldian.
Bedaronako, Eako eta Natxituako andrek kartel kanpaina egin eta bideoa zabaldu dute.
Muxikako Udalak, Ezetza, ezetza da leloagaz 700 musuko more banatu ditu udalerriko emakumeen artean. Horrekin batera, argazki eta bideoak atera eta liburutegia.mutxika@bizkaia.org-ra bidaltzeko eskatu dute: “Sendo adierazi nahi dugu Euskal Herri feminista, justu eta ekitatezkoaren aldeko aldarrikapena. Aurten ezingo dugu aldarrikapen bateraturik egin, baina, emakumeok gure herrietatik, auzoetatik eta etxeetatik aldarrikatu dezagun: Ezetza, ezetza da!”.
Busturialdeko Neska Gaztiek euren irakurketa argitaratu zuten atzo. Salatu dute aurtengo osasun krisiak eragindako zaintza krisiak eta krisi ekonomikoak agerian utzi eta areagotu egin dutela emakumeenganako indarkeria, bere forma guztietan.
Indarkeria ia bere forma guztietan gizartean “normalizatuta” dagoela adierazi dute: “Emakumeok eta neska gazteok jasaten dugun zapalkuntza indarkeria da. Gure ahotsen balioa gutxieztea, gu ez ordezkatzea edota gure sareei garrantzia kentzea ere indarkeria da. Indarkeria da nahi dugun bezalakoak izan ezin izatea, baita neska izateko eredua inposatzea ere. Indarkeria dira kontrola, harreman toxikoak eta beldurra. Eraso matxistak eta bortxaketak indarkeria zuzena dira, eta tratu txarrak eta hilketak muturreko biolentzia fisikoa”. Euren arabera, zapaltzen dituztenek normaltzat jotzen dute “euren jarrera errepresiboa”.
*DATUAK:
3.576. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan 3576 salaketa jarri dira 2020an.
5.518 KASU ERREGISTRATU. Atzo argitaratutako Emakunderen 2019ko txostenak jasotzen duenez, iaz Ertzaintzak emakumeen aurkako 5.518 indarkeria kasu erregistratu zituen Araba, Bizkaian eta Gipuzkoan, eta 4.419 emakumeri eragin zien. Horien % 70,11k genero-indarkeria pairatu dute (bikotekideek edo bikotekide ohiek eragindakoa), % 20,34k familia-eremuko indarkeria (bikotekideak ez diren familiako beste gizon batzuek eragindakoa) eta % 9,55ek familiatik kanpoko sexu-indarkeria jasan dute. Adinari dagokionez, salaketa jartzen duten emakumeen % 10,6 dira 18 urtetik beherakoak, % 28.1 dira 18 eta 30 urte bitartekoak, % 47,2 dira 31 eta 50 urte bitartekoak eta % 14,1 dira 50 urtetik gorakoak.