"Ez genuen saria espero, nahiz eta lanarenganako konfiantza genuen"
'Agur' filmagaz Spookypheria Productions Elkarteak irabazi du 16. Kameratoia. Iñigo Atxak, Iraide Narbaizak, Jabi Garciak, Ahini Urrestik, Ander Uriondok eta Alex Latxagak parte hartu dute.
Zer suposatu du Spookypheria Productions elkartearentzat Kameratoiaren aurtengo lehenengo saria irabazteak? Espero zenuten?
Ezusteko handia izan da, eta izugarrizko ilusioa egin digu. Egia esan, ez genuen espero, nahiz eta guk egindako film laburrarenganako konfiantza genuen. Film laburraren edizioa amaitu eta bidali genuenean, ondo egindako lanaren sentsazioa geratu zitzaigun. Horregatik ezustekoa handiagoa izan da.
Zer nolako maila egon da sariketan?
Denetarikoa egon da. Gaia eta egiteko formak kontuan hartuta, gainera, era askotakoak egon dira. Harritu egin eta gustatu zaizkigun lanak egon dira.
2009an parte hartu zenuten Kameratoian, eta ordutik ez duzue parte hartu. Zergatik erabaki duzue aurten berriro parte hartzea?
Esango nuke urtea nahikoa aspergarria izan delako animatu garela parte hartzera. Ezin izan dugu Gorefesta egin, ezta Halloween Metal Festa ere. Orduan ezin izan ditugu atera buruan beti izaten ditugun ideia horiek. Taldeko kide Jabi Garciak Kameratoiaren albistea bidali zidan, eta ea parte hartuko genuen galdetu zidan. Berotu egin ginen, eta parte hartzeko izena eman genuen.
Lehiaketan emandako gaia eta argazkia film laburrean zelan sartu dituzuen baloratu du epaimahaiak saria emateko orduan. Erraza izan zen?
Denbora izan zen gaia; ez zitzaigun horren zaila iruditu. Laster etorri zitzaizkigun burura gaia jorratzeko zenbait ideia. Hala ere, argazki bat sartu behar genuen film laburrean, eta hori zailagoa izan zen. Argazkia bigarren maila batean sartzea pentsatu bagenuen ere, Alex Latxa-
gak uste zuen argazkiak pisu handiagoa eduki behar zuela lanean, hau da, argazkiak harremana izan behar zuela istorioagaz edota istorioa argazki horretatik sortu behar zela. Dudarik barik, erabaki ona izan zen.
“Teknikoki ere ahalegina ikusten da, edizioa eta grabaketa zaindu dituzuela ikusten da, eta plano bakoitza mimoagaz eginda dago”, esan zuen epaimahaiak. Mimo handiz landu al duzue aurkeztutako lana?
Denbora gutxian egindakoa bada ere, plano bakoitza zaintzen saiatu gara. Hala ere, egia esan beharra badaukat, gauzak ondo egitea gustatzen zaion horietakoa naiz, hortaz, asko pentsatu barik ateratzen zaizkit. Gerora, Aitor Arregik eta Izebeñe Oñederrak guk jarritako mimoa balioan jartzea izugarria izan da. Ilusio handia egin dit!
Oraindik film laburra ikusi ez duten horientzat, zer kontatu gura izan duzue?
Spookypheria Productions Elkartearen ikutua eman behar geniola argi genekan, hau da, ikara eta genero fantastikoa erabili behar genuela, nolabait. Azkenean, uste dut haratago joan garela eta minutu gutxian eta berba gutxigaz ikusleak imajinatu ahal du arinagokoa eta gerokoa.
Zelan bururatu zitzaizuen ideia?
Ideia solte batzuk nituen buruan. Bariku (azaroak 13) arratsaldean jaso genituen gaia eta ezaugarriak, eta orduan hasi ginen denok lanean. Bateragarriak izan zitezkeen pertsona desberdinen ideiak erabilita sortu genuen denon gustukoa izan zen istorioa. Dudarik barik, azken urteetan egin dudan talde lanik handiena duen lana da hau.
Ordu gutxitan egin beharreko lana da. Zelan daramazue denbora justuan lan egitea?
Pertsonalki, hori da txarren daramadan gauza. Ohituta nago nire erritmora lan egiten; nik neuk neurtzen dut behar dudan denbora, prozesuan beharrezkoa den gauza bakoitzerako.
Zer egingo duzue sariagaz?
Taldean parte hartu dugun kide guztien artean banatuko dugu.
Mota honetako beste sariketa batzuetako irabazleekin lehiatuko duzue Durangoko Azokan, #DemaSA lehiaketan. Ze esperantza?
Emaitzagaz oso gustura gaude. Orain gure lana jende gehiagorengana iritsiko da, eta horrek ilusio handia egiten du. Beste sari bat irabazteko aukera baldin badugu, poztasun bikoitza! Hala eta guztiz ere, ez dakigu aurkarien lanak zelakoak diren, ez dugu aukerarik eduki horien lanak ikusteko.
Laburbira zirkuituan parte hartzeko aukera ere badaukazue. Aukera ona al da?
Bai, noski, duda barik. Gure lana hedatzea eta leku askotara iristea oso ona da, eta asko pozten gara. Azken finean, hau zinema da… istorioak kontatzen ditugu publikoak ikusteko eta horietaz gozatzeko. Zenbat eta gehiago zabaldu, hobeto!
Bermeotarren lana hemen ikusgai!