Zertarako
Osasun krisiaz gain, beste krisi ekonomiko bat bizitzen ari gara. Garai zailak datoz euskararentzat ere. Berriro, eustea tokatzen da. Baina baita pentsatzea ere nola indartu gehiago, nola zabaldu gehiago.
Eskualdeetako zazpigarren Hitza izan zen Busturialdekoa, orain dela 15 urte sortua bertako eragileen eta BERRIAren artean. Aurretik sortu ziren, modu berean, Tolosaldekoa, Oarsoaldekoa, Lea-Artibai eta Mutrikukoa, Urola Kostakoa, Goierrikoa eta Donostiakoa. Astean sei egunetakoak zazpiak ere, etxera banatutakoak —eskatutakoei—, eta zortzina orrialdekoak —Donostiakoa, hamabikoa—. Euskaraz, jakina. Kalitateko kazetaritza helburu, horrek egingo zion ekarpena euskararen normalizazioari. Iritsi ziren egunero 40.000-45.000 aleko tirada edukitzera. Potentzia bat. 2008an hasi zen krisi ekonomikoak kaltetu egin zuen proiektua.
Baina eutsi egin zen, eta hor segitzen dute Hitzek, era batera edo bestera. Busturialdekoak, Lea-Artibai eta Mutrikukoarekin batera paperean, eta bere kabuz sarean.
Osasun krisiaz gain, beste krisi ekonomiko bat bizitzen ari gara. Garai zailak datoz euskararentzat ere. Berriro, eustea tokatzen da. Baina baita pentsatzea ere nola indartu gehiago, nola zabaldu gehiago. 2003an Egunkaria itxi zuen Espainiako Estatuak, eta erantzunetako bat izan zen, berehala BERRIA sortzeaz gain, Tolosaldeko kazetarekin jarraitu eta bi urte eta erdi pasan beste sei Hitza martxan jartzea.
Tiradizoa du informazio lokalak; badu irismena, badu merkatua, badu eragina. Balio bat da gertutasuna, are gehiago lantzeko. Eremurik euskaldunenetan izan ahal da euskal prentsa erreferente(en)a.
2005eko abenduaren 15ean ikusi zuen lehen aldiz argia Busturialdeko Hitzak, eta, BERRIAren ordezkari periodistiko modura, pare bat hilabete pasatu nituen Bermeon, erredakzioari laguntzen hasierako urratsetan. Lehenengo bi hilabete haietan sarri geratu nintzen Bermeon lotan, Torre Ercilla pentsioan, atzera berriz autoan neure etxeraino, Azpeitiraino ez bueltatzearren. 2013an Bermeoko parte zaharrean sute ikaragarri hura gertatu zenean, akordatu nintzen Torre Ercillaz, ea zerbait gertatu zitzaion. Eta, jada aurreko ardura postuan ez nengoen arren, erreparatu nion Hitzak ezbeharrari egindako jarraipenari: gertutasunez, informazio eta zerbitzu funtzioak bete zituen. Hori da herri informazioa. Horretarako sortu zen Busturialdeko Hitza (ere).
Zorionak, eta urte askotarako!