Sahara libre baten aldeko aldarria zabaldu dute
Herritar askok bat egin zuten zapatuan Bermeoko Lameran egindako elkarretaratzeagaz.
Euskadi Sahara Mugimenduak deituta, Sahararen aldeko elkarretaratzeak egin dituzte herri ugaritan, tartean Bermeon. Hala, Sahara libre baten aldeko aldarria zabaldu dute.
Zapatuan egin zuten elkarretaratzea Bermeon, eta herritar askok egin zuten bat deialdiagaz. Harrizko bankuaren inguruan batu ziren. Herritarrez gain, Bermeoko Udalean ordezkaritza duten alderdi politiko guztien ordezkariak ere egon ziren.
Sahara “aske” izatea gura dute, eta argi daukate gerra amaitzeko irtenbidea erreferenduma dela.
Alde batetik, Marokoren komunikazio estrategia salatu dute. Beste aldetik, herritarren aurkako errepresioa areagotu egin dela nabarmendu dute. Kritiko azaldu dira nazioarteko jarrerarekin ere, eta Espainiako Gobernuari bi eskaera egin dizkiote. Hala, 1975ean egiteke utzi zuen deskolonizazio prozesuari berriro ekiteko eskatu diote batetik, eta bestetik, berriz, duela 29 urte egin behar zuen erreferenduma bultzatzeko ere.
Fronte Polisarioak hilaren 14an hautsitzat jo zuen Marokorekin 1991n sinatu zuen su-etena, eta, hortaz, gerra egoera ezartzea erabaki zuen.