Ondarroako garaipenagaz lidergoa sendotu du Gernikak
Ligaren 6. jardunaldian, talde gernikarrak 3-4 irabazi dio Aurrerari, Zaldupen. Oskar Vales Gernikaren entrenatzaileak azpimarratu du sentsazio onekin orain arte moduan lan egiten segitzea giltzarria dela lidergoari eusteko.
Eguaztenean Urbietan Santutxuri 4-0 irabazi ostean, zapatuan 3-4 nagusitu zen Aurreraren kontra, Ondarroan.
Oskar Vales Gernikaren entrenatzaileak dio oso pozik daudela: “Bi partidu jokatu ditugu lau egunetan, eta taldeak oso ondo erantzun du. Jokalarietaz harro nago. Egin duten esfortsuagaz oso pozik nago, txapeldunen moduan portatu dira. Ezin diet gehiago eskatu. Aste gogorra eduki dugu, eta eta fidagarritasunez eta sinesgarritasunez aurrera atera dugu. Egunez egun lan egin, eta ondo jokatu dugu”.
Gol askogaz, eta bi taldeek lehiakor jokatuta, ikusleak gozarazteko moduko partidua izan zen zapatu arratsaldekoa. Gernikak hegaletatik min handia egin zion etxeko taldeari. Bi taldeek aukera argiak eduki zituzten markagailua estreinatzeko, eta 16. minutuan talde gernikarra aurreratu zen, Ander Pachecoren golari esker. Alboko sake batean, eskuin hegaletik baloia hartu eta barrura arte sartu zen. Partidua maldan gora jarri arren, etxekoek beharrean jarraitu zuten, goian aurkariei presionatzen, eta baloi asko lapurtzen. Eta halako batean heldu zen banako berdinketa, 41. minutuan. Fernandezek baloia ostu, Lejardik Praderari pase on bat eman, eta horrek ondo gurutzatu zuen atezainaren aurrean.
Bigarren zatia hasi eta markagailuan aurretik jarri zen Aurrera. 50. minutuan, Julen Fernandezek hegaletik jokaldi ona burutu eta atezainaren gainetik baloia loratuta gol polita sartu zuen. Gernikaren berdinketa etxeko taldearen huts egite baten ondorioz heldu zen. Area kanpoan Iraitzek ez zuen baloia ondo aldendu, Gernikak baloia bereganatu eta gola sartu zuen (65 min). Gol horrek min handia egin zion talde ondarrutarrari eta gainera, lau bat minutura bere hirugarrena egin zuen liderrak. Bi gol horiek Ale Hernandezek sartu zituen.
2-3ko markagailuagaz, berriro ere partiduaren bila joan zen Aurrera, baina, Gernikaren aldeko penaltia adierazi zuen epaileak, eta Hugo Cabanasek ez zuen hutsik egin (77 min). Orduan, arriskatzea erabaki zuen Lopezek; defentsa bat kendu eta aurrelari bat atera zuen, eta partiduaren bila joan ziren. Kontraeraso on batean, Manex Irizar 16 urteko gazteak egin zuen Aurreraren hirugarrena.
Zaldupe ez dela zelai erraza uste du Gernikaren entrenatzaileak, eta garaipenagaz “oso harro” dagoela esan du. “Zelai konplikatua da, eta talde askok ez dute punturik lortuko bertan. Lehen zatian izan genituen aukerak aprobetxatu bagenitu, atsedenaldira alde handiagoagaz joango ginen. Banako berdinkegaz joan ginen atsedenaldira, eta ez zen justua izan. Bigarren zatian aukera asko eduki genituen, eta asmatu genuen. Hamar minututan hiru gol egiteko kapaz izan ginen. Taldeak erantzuteko gaitasuna daukala ikusi zen”. Aurrerak aurkaria “estu hartzen” duela, eta Gernikak partiduan sortutako egoeretara “ondo egokitzen” jakin zuela gaineratu du.
Oskar Vales: “Taldeak oso ondo erantzun du. Jokalarietaz harro nago. Egin duten esfortsuagaz oso pozik nago. Egunez egun lan egin, eta ondo jokatu dugu”.
Multzoko liderra. Deusto bigarrenarengandik lau puntuko errenta dauka talde gernikarrak, eta lidergoari eusteko giltzarria orain arte moduan lan egiten segitzea izango dela nabarmendu du Valesek: “Horretan ez pentsatzea, eta gauzak ari garen moduan egiten jarraitzea izango da giltzarria, aste hauetan lan egiten ari garen moduan jarraitzea, eta sentsazio onak mantentzea. Eta partidu guztiak lehiatzera joatea”.
Sailkapenean goian, erdian zein behean egonda ere, partiduak “konplikatuak” direla aitatu du: “Denak dira zailak, eta orain, agian, are gehiago, aurkariek errespetu gehiagogaz hartuko gaituztelako, eta partiduak zailagoak izango dira. Guk gure lana ikusi behar dugu, eta alde horretatik, egiten ari garenagaz pozik gaude. Aurkari guztiak errespetu beragaz hartzen ditugu”. Sentsazio onekin, taldea ondo lan egiten ari dela, eta partidu guztietan lehen minututik azkenengora arte lehiakorrak izaten ari direla azpimarratu du.