Landutako garaipen garrantzitsua
Lointek Gernika Bizkaia 80-61 nagusitu da Cadi La Seuren kontra. Etxean erakusten ari diren jokoa kanpoan egitea dela erronka adierazi du Mario Lopez entrenatzaile gernikarrak.
12. jardunaldiko partidua hartu zuen atzo Malostek, eta Lointek Gernika Bizkaiak 80-61 irabazi zion Cadi La Seuri. Talde-lan onaren garaipena izan zen.
Erregina Kopan sartzeko borrokan, Gernika-Lumoko taldearentzat aurkari zuzena da Lleidako taldea, eta beraz, garaipen garrantzitsua dela azpimarratu du Mario Lopez entrenatzaile gernikarrak. IDKren kontrako partiduagaz alderatuta, itxura hobea erakutsi zuen Lointekek. “Hasiera oso ona egin dugu defentsan zein erasoan, eta zirkulazio onagaz. Atzean intentsitatez jokatu dugu. Lehen laurdenean lortutako errentak, partidua baldintzatu duela uste dut; gidoi bera eduki dute beste hiru laurdenek”, azaldu du Lopezek. Etxean erakusten ari diren “aurpegia” kanpoan erakusteko gai izatea da euren erronka: “Horretarako lanean ari gara”.
Markagailuko errentari eutsita, eroso aritu ziren etxekoak. “Arazoak azkenean egon dira, zortzi puntura jarri direnean. Aldea murrizten joan direnean, zalantzak eduki ditugu, eta markagailua berdintzeko beldurra”. Oro har, 40 minutuetan egindako defentsa lanagaz pozik dago Lointeken entrenatzailea.
Hasiera ikusgarria egin zuten etxekoek; 15-2 partziala lortu zuten. Bi taldeek asko zeukaten jokoan, baina Malosteko taldeak ideiak argiago eduki zituen aurkariak baino. Gernikaren ADNa ikusi zen kantxan. 23-10ko markagailuagaz amaitu zuten lehen laurdena. Jarraian, Angie Bjorklund Lointekeko estatubatuarrak hirukoetarako bere dohaina azaleratu zuen, eta Cadi La Seu esnatu zen. 11 puntu jarraian egin zituen, baina talde gernikarrak berean jarraitu zuen markagailuko aldeari eusteko helburuagaz. Lehia polita eduki zuten.
Hamabi puntuko aldeagaz amaitu zuten lehen zatia (40-28). Lointeken defentsak sendo segitzen zuen, eta 9-0ko partzialak lasaitasuna eman zien. Etxeko talda 20 puntuko errentagaz zegoenean, talde katalanak amore eman barik 0-7ko partziala egin zuen. Urduri ipini barik, eta intentsitatea mantenduz jarraitu zuten Lointekekoek. Esaterako, Marge Roundtreek bere bertsiorik onena erakutsi zuen beste behin. Cadi La Seuk bizirik jarraitzen zuen, eta abantaila handiak edukita ere, etxeko taldeak partidua apurtu ezinik zegoen. 61-46ko markagailuagaz ekin zioten azken laurdenari. Cadi La Seuren minuturik onenak azken txanpan ikusi ziren.
Hurrengo jardunaldia ere etxean. 13. jardunaldian ere Malosten ariko da talde gernikarra. Spar Gran Canariaren kontra jokatuko du zapatuan [azaroak 28], 16:15ean hasita.
Emakumezkoen Ligaren sailkapenean, Lointek Gernika Bizkaia, seigarrena da, 19 puntugaz. Hamahirugarren dago talde kanariarra, 12 puntugaz.