Hamabost urtean behin
Ederra litzateke hamabost urte barru Gernikako Arbolaren kimuetatik lortutako paperean inprimatuta egotea
HITZAren hamabosgarren urteurrena dela eta idatz-begirada bat botatzeko eskatu didate. Hasiera-hasieratik egon ez arren, ilusioz bizi izandako gertaerak izan ziren orain dela hamabost urte. Tartean, Busturialdeko Hitzaren sorrera. Tartean, Astra gaztetxe-kultur-espazioaren okupazioa eta sorrera. Tartean, hamarnaka erakundek sinatutako Oinarrizko Hitzarmen Demokratikoa eta ETA erakundeak kargu politikoen aurkako kanpaina amaitutzat ematea. Hamabost urtek asko eman dute, hamabost urtek gutxi eman dute.
Hamabost urte eta zenbat paper erabili den ordutik hona. Digitalizazioak sekulako aurrerapausoa eman duen garaian, papera oraindik jaun eta jabe da eremu askotan. Hori ematen du behintzat. Azken hamabost urteetan papera egiteko erabiltzen den eukaliptoa landatu eta landatu besterik ez dugu egiten gure eskualdean eta.
Hamabost urte hauetan, gizartearen erronka nagusiak aldatu direla esan dute adituek. Orain bi ei dira: pandemia eta garapen iraunkor eta ekologikoa.
Aste honetan entzun berri dugu laster lehenengo txertoak kalean izango direla, eta hori entzute bakarrarekin boltsan batzuk milaka milioi euro egin dute gora, milaka milioi euro egin dute behera beste batzuk; gure poltsak edo poltsikoak berdin xamar jarraitu arren.
Ematen du konponbidean dela pandemiaren arazoa, beraz.
Garapen iraunkor eta ekologikoaren inguruan, ordea, hankamotz gabiltza, behintzat nire herrian eta eskualdean. Badakit zure etxera HITZA heltzeko ere eukaliptoa erabiltzen dela. Baina Interneten zera ere aurkitu daiteke: eukaliptoa uholdeak ematen diren lurraldeetan interesgarria da ur asko xurgatzen edo edaten duelako.
Tira, gurean bezala, uholdeak hain sarri izaten dira, hori konpontzeko eukaliptoa landatu eta landatu gabiltzala. Eta Ur Partzuergoak ikusten dituen sasoiko ur gabeziak konpontzeko aurrerantzean ura Zadorratik -Araba- ekarriko dugu Urdaibaira.
Zorionak Busturialdeko HITZAri, hamabost urte hauetan hurbileko berriak hurbiltasunez ematearren. Ederra litzateke hamabost urte barru Gernikako Arbolaren kimuetatik lortutako paperean inprimatuta egotea. HITZA iraunkor eta ekologikoa.
Hamabost urte, hamaika zorion denoi.