«Gaur egun ez dago HITZAk betetzen duen lekua betetzen duenik»
Hitza proiektua orain dela 15 urte jaio zen. Zu alkate zinen Bermeoko Udalean. Nola bizi zenuen proiektuaren hasiera?
Beste Hitza batzuk bazeuden dagoeneko, Gipuzkoa aldetik gehienak. Harreman handia geneukan Martxelo Otamendi Berriako zuzendariagaz. Josu Iñaki Unanuek izan zuen horretan indar handia, euskararen aldeko lan handia egin zuen, eta bidaia bat baino gehiago egin zituen Andoainera. Herri euskalduna izanik eta Euskara sail bizi bategaz, udalean argi genuen Busturialdeko Hitzaren aldeko apustua egin behar genuela. Eskualdeko egunkaria edukitzea garrantzitsua zen, bultzatzaileak, gainera, herritarrak ziren. Udal modura, hortaz, babesa ematea erabaki genuen.
Zer ekarpen egin zion egunkariak herriari? Eta euskarari?
Gure sasoikoentzako euskaraz alfabetatzeko bide bat izan zen eta da. Euskaraz ikasi ezin izan dugunontzako eta gerora euskaraz alfabetatzeko bidea egin dugunontzako aukera ona izan zen. Euskaraz irakurtzea kostatzen zitzaigun, alfabetatugabeak ginen, eta lagundu egin digu. Herritarrek euskaraz irakurtzeko ohitura hartu ahal izan dute. Busturialdeko Hitzak bultzada eman zuen. Zoritxarrez, orain, jendea alfabetatuta dagoen arren, euskararen erabilera Bermeon beheraka doa. Herriari, berriz, bertoko informazio hurbila edukitzeko aukera eman zion. Beste komunikabide batzuetan lekua edukitzen ez zutenak lekua zuten Busturialdeko Hitzan; zabal gauza batzuk, gainera, eta euskaraz. Besteetan puntualki baino ez zen Bermeo agertzen, zerbait garrantzitsua gertatzen zenean baino ez.
Administrazioen laguntza beharrezkoa da?
Baietz uste dut.
Diru laguntza handia ematen hasi zen Bermeoko Udala. Gerora diru laguntzak murrizten joan dira. Zelan ikusten duzu?
Ni orain ez nago udal barruan, ez dakit orain banaketa zelan egiten duten. Orduan Euskara saila arduratzen zen euskaragaz lotutako proiektuei diru laguntzak bideratzeaz. Gauza da udalaren baitan sail asko daudela. Diru sarreren araberako banaketa egin ohi da; zenbat eta talde edo proiektu gehiago, gehiagoren artean banatu beharra dago dagoen dirua. Azken finean, aurrekontua alkateak aurkeztu behar du, nahiz eta logikoki sailekin eta oposizioagaz berba egiten duen lehenengo. Orduan, euskara bultzatzen zuten eskolentzako diru laguntzak ere ematen genituen, horretarako zaku bat zegoen. D eredua eskaintzen zutenek jasotzen zuten udalaren diru laguntza. Gogoratzen dut, gainera, Jose Done ikastetxeagaz arazoak izan genituela. Hark ez zuen D eredurik eskaintzen, diru banaketan, hortaz, ez zen sartzen. Logikoki ateak zarratu zituen, ze bizitza eduki ahal du Bermeon D eredua ez duen ikastetxe batek?
Zer nolako etorkizuna ikusten diozu zuk Hitza proiektuari?
Jarraipena behar duela uste dut, nahitaez. Asko dira gaztelaniazko komunikabideak eta gutxi euskarazkoak edo euskarari lekua eskaintzen diotenak. Nik, normalean, Gara irakurtzen dut, eta horretan, zorionez, artikulu asko euskaraz dira. El Correo eta Deian oso gutxi dira euskaraz idazten dituzten albisteak. Euskarazko informazio hutsa jaso gura dutenek Berriara jo behar dute. Halere, Hitzak betetzen duen lekua betetzeko, gaur egun, ez dago besterik. Horregatik pentsaten dut beharrezkoa dela proiektuak jarraitzea, eta derrigorrezkoa dela, gainera.