Garaipena eta lidergoa, eskuan
Gernika RTk 37-12 irabazi dio Pasek Belenos RCri.
Hiru asteko etenaldiaren ostean, lehiara bueltatu dira basurdeak. Ezin hobeto bueltatu dira gainera. Garaipena eta lidergoa eskuratu dute eta.
Gernika RTk 37-12 irabazi zion Pasek Belenos RC talde asturiarrari, Urbietan, atzo. Avileseko taldea oso gogorra dela zehaztu du Eduardo Maidagan Gernikaren entrenatzaileak: “Fitxaketa asko egin ditu, eta aurten gorantza joango da”.
Amaierako markagailuak erakusten duen moduan, nagusitasun osoz aritu ziren basurdeak. Partidua oso gogor hasi zuten, eta apurka-apurka euren jokoa nabarmentzea lortu zuen etxeko taldeak. Ondorioz, markagailuan abantaila polita lortu zuen, eta 27-0 amaitu zuten lehen aldia. Bigarren zatian hainbat aldaketa egin zituen Urbietako taldeak. Asturiaseko taldea behetik gora joan zen, baina ondo eutsi zion talde gernikarrak. Sei entsegu egin zituen etxeko taldeak. “Gure jokoa egin eta gure aukerak aprobetxatu genituen”, azpimarratu du Maidaganek.
Apurka-apurka taldea osatzen, bat egiten, doazela dio: “Jende berria daukagu, eta besteren bati itxaroten gaude. Jokalari batzuek oraindik ez dute gure jokatzeko era barneratu. Uste dut gutxienez beste hilabete beharko dugula denak ondo ibiltzeko”.
Gaur gaurkoz, multzoko liderra da Gernika RT, 15 puntugaz, eta hurrengo jardunaldiko aurkaria den Bera Bera puntu bakarrera dauka. Hala ere, Hernani partidu bat gutxiagogaz dago hirugarren, 10 puntugaz. “Hiru partiduak irabazi ditugu bonusagaz. Hernanik atzeratuta daukan partidua irabaztea ia segurua izango da, baina ikusiko da”.
Maidaganek esan du lidergo kontuak albo batera utzi, eta hurrengo jardunaldia buru-belarri prestatzea dela garrantzitsuena. Garaipenaren bila joango dira Donostiara: “Zapatu arratsaldean Bera-Beraren kontra jokatzen dugu. Kanpoko partiduak oso gogorrak dira, eta ikusi beharko da ea aurrera ateratzen dugun. Guk gure jokoa egin beharko dugu, eta euren jokoa gelditu. Belenosegaz alderatuta, euren jokoa oso desberdina da. Bera Berak asko jokatzen du eskuz, eta hori geratu egin beharko dugu”.