Bermeoko Udala herriko ostalariekin batu da
Datozen hilabeteetan Bermeoko Udalak hartuko dituen neurrien berri eduki zuten ostalariek.
Zoom plataformaren bidez batu dira udala eta dozena bat ostalari. “Egoera zaila bizi duen ostalaritza sektorearen iritzia eta egoera lehenbiziko pertsonan ezagutzea, lankidetzarako zubiak eraikitzea eta mantentzea, sektorearekin zuzeneko interlokuzio bat izatea, orain arte martxan jarritako neurrien balorazio bat egitea eta udalak datozen hilabeteetan hartuko dituen zenbait neurriren berri ematea izan da udalaren helburua”, azaldu dute udal ordezkariek.
Bilera, Bermeoko Udalaren ustez, “oso onuragarria eta probetxuzkoa izan da”. Horretan, Bermeoko Udalak datozen hilabeteetan hartuko dituen neurrien berri izan zuten ostalariek; honakoak, hain zuzen ere:
-
Sastar batze tasa. Jarduera etenda dagoen denboran, lokal hutsen tasa aplikatuko zaie, hau da, 11 euro lokal bakoitzeko. Neurri hau bera ere aurreko itxialdian hartu zen.
-
Terrazen tasa. 2020ko tasa ez da kobratuko. Hori da udal gobernuak osoko bilkurari egingo dion proposamena hala onartu dadin. Portuko ostalaritza establezimenduen terrazei dagokionez, eskumena Jaurlaritzarena da. Hori horrela, Bermeoko Udala Eusko Jaurlaritzaren Portuetako agintariekin harremanetan dabil hauei jakinarazteko zein izango den udalaren erabakia, eta ildo berdinean jokatzeko eskaera egingo die.
-
2021eko araudi fiskaletan atal bat gehitu da. Ezohiko egoeren aurrean, eta ondorioz jarduera ekonomikoak bideratu ezin direnean, tasarik ez aplikatzeko aukera aurreikusten da. Horrela, eta adibidez, sastar batzeko tasa bertan behera gelditzeko aukera egongo litzateke pandemiaren ondorioz itxialdia balego.
-
Udal lokaletan jarduera garatzen duten ostalaritzako negozioek, itxita dauden denboran, ez dute alokairuaren tasarik ordainduko. Aurreko itxialdian ere hala egin zen.
Era berean, orain arte hartutako beste zenbait neurriren gaineko hausnarketa ere egin zuten: Herriko ostalari eta merkatariei diru laguntza zuzenetan bideratutako 100.000 euro, bonoen kanpaina, Tuna Pintxo Tour, Hilabete Gastronomikoak eta etxez-etxeko banaketa zerbitzua eskaintzen duten ostalarientzako webgunea, besteak beste.