«Oso argi ikusten zen HITZA beharrezkoa zela eskualdean»
Busturialdeko Hitzak 15 urte egiten ditu abenduan. Hitzaren sorrera bizi izan zenuen. Zelan gogoratzen dituzu momentu horiek?
Hitza sortu aurretik, Hitza Batzordean ere egon nintzen. Martxan jarri aurretik lan asko egin zen. Oso argi ikusten zen Hitza beharrezkoa zela eskualdean, eta ilusio handiagaz lanean egon ginen Batzordean egon ginenok. Pausoz pauso joan ginen, Andoaingo lankideekin. Handik ere batzarretara etortzen ziren, eta gutxi-gutxika herrian lekua egiten joan ginen. Jardunaldiak ere antolatu genituen proiektua zabaltzeko.
Momentu horretan beharrezkoa ikusten zenuen euskarazko egunkari bat?
Bai, dudarik ez. Hitzak orduan zeukan eta oraindik edukitzen jarraitzen duen balioa, nire ustez, hurbileko informazioa euskaraz jasotzeko aukera ematea da. Hori asko baloratzeko kontua dela uste dut. Azken batean, aktiboak diren sektore guztientzako leiho ireki bat. Egiten denaren edota proiektu berrien berri emateko aukera eskaintzen du, herritarrei informazioa zabaltzeko.
Hasierako lan guzti horren ostean, ilusioagaz kaleratu zenuten lehenengo zenbakia, ezta?
Bai, gogoratzen dut ilusioa handia zela urte horretan. Herriko kolektibo guztiak eta jende asko mugitu zen. Jende askok lan egin zuen Hitza kalera ateratzeko.
Ze hutsune bete du Hitzak euskarari dagokionez?
Informazio alorrean gure inguruan gertatzen denaren berri euskaraz irakurtzeko aukera eman zuen eta ematen du. Orduan hutsune hori bazegoen. Lehenengo, egunero kaleratzen zen: Gerora, murrizketengatik, Lea-Artibai eta Mutrikugaz batu beharra egon zen, eta beraz, leku gutxiago geratzen da herri bakoitzarentzako. Baina hori ere polita da, elkarren ondoan dauden eskualdeen berri ere badaukagulako. Gure errealitatea apur bat zabaltzeko aukera ere ematen du.
Oztopoz betetako 15 urte. Administrazioaren laguntza beharrezkoa dela ikusten duzu?
Bai, erabat, inolako dudarik barik. Hitzaren hasierako asmoa izan zen administrazioen laguntzagaz hasi eta geldika-geldika proiektua bideragarriagoa egin eta menpekotasun hori gutxitzen joan. Gauzak, baina, ez dira mundial etorri eta oraindik ere, gaur egun administrazioaren beharra dauka, bai Hitzak bai eta euskal prentsak orokorrean ere.
Beharrezkoa ikusten duzu Hitzak etorkizun bat izatea? Zer behar da horretarako?
Bai, dudarik barik. Baliabide gehiago beharko lirateke, nire ustez. Egunkaria egunkari izateko eta apur bat gehiago zabaldu ahal izateko, giza baliabide eta baliabide ekonomiko gehiago beharrezkoak lirateke. Herritarren artean ere pedagogia egin beharko litzatekeela uste dut, eta balioan jarri Hitzak euskal komunitateari ematen dizkionak.
Zuk zeuk ze etorkizun ikusten diozu Hitzari?
Ez naiz igarlea eta ez dakit momentu honetan gauzak zelan egongo diren. Bermeoko Udala hasiera batetik egon da ekonomikoki laguntzen, baina ez dira izan asko laguntza eman duten udalak. Garrantzitsua litzateke udalak edo administrazioak Hitzaren balioaz ohartzea. Ez gara konturatzen euskal hedabide baten balioaz desagertzen den arte, mezu hori zabaldu izan da euskal prentsaren aldeko kanpainetan. Orduan, egin daigun lan positibo bat hori gertatu ez dadin.