«Maier Euskaraldiagaz lotzea oinarrizkoa dela uste dugu»
Zergatik erabaki du Maierrek Arigune izatea Euskaraldian?
Maierrek harreman handia dauka euskaragaz, eta hor egotea garrantzitsua dela uste dugu. Orain dela 22 urte hasi ginen euskarari buruzko prozesu planifikatu bat lantzen, eta 2006. urtean euskara hizkuntza politika orokorra landu eta onartu genuen. Gainera, gure eguneroko jardunean beste hizkuntzen artean euskararen erabilera zehazteko eta normalizazioa lortzeko arauak dauzkagu. Horregatik guztiagatik, Euskaraldian Arigune izatea Maierren beste pauso bat dela uste dugu, barruan euskara ahal den neurrian normalizatzeko. Hizkuntza irizpideak lau ataletan banatuta ditugu Maierren: Komunikazioa eta irudi korporatiboa, kanpo harremanak, barne harremanak eta kudeaketa. Komunikazioa eta kanpo harremanetan eta barne harremanetan Maier Euskaraldiagaz lotzea oinarrizkoa dela uste dugu.
Euskarak, hortaz, leku handia du Maierren.
Bai, sortu zenetik jende euskalduna egon gara. Hasieran, borondatez kartelak eta horrelakoak jartzen ziren. Baina orain dela 22 urte hasi ginen euskararen prozesu planifikatu bategaz. Gaur egun, kudeaketaren baitan, Euskara Batzordea hilero batzen da, eta jarraipena egiten zaie kudeaketa planari eta gure adierazleei. Ahaleginak egiten ditugu gure esparruan euskararen erabilera normalizatzen. Euskaragaz lan egin gura dugunok, euskara naturaltasunez eta erraz erabiltzeko aukera edukitzea da helburua.
Aurreko Euskaraldian norbanako modura parte hartu zenuten?
Bai, aurreko Euskaraldian zein oraingoan parte hartzeko barne mezuak bildali dizkiegu langile guztiei. Aurrekoan irudiak, argazkiak… erabili genituen Maier modura Euskaraldian parte hartzeko, eta langile asko batu ziren, erantzun ona izan zuen.
Horren ostean nabaritu zenuten hizkuntza ohituretan aldaketarik?
Horretan norberaren konpromisoak dauka eragina. Gu euskara planean hartzen ditugun konpromisoak betetzen saiatzen gara, eta euskara bultzatzen, eta bagoaz aurrera. Maierrera lanean sartu eta euskaragaz zailtasunak dituzten pertsona berriei euskara eskolak eskaintzen dizkiegu. Euskara klase desberdinak eskaintzen ditugu, gainera. Batzuek euskaraz lehenengo urratsak emateko eskolak behar dituztelako eta beste batzuek, berriz, dakitena sakondu gura dutelako. Gure helburua da hemen gure artean euskaraz egitea, eta euskaraz egiteko gaitasunik ez daukaten horiek behintzat guk esaten duguna ulertzea.
COVID-19a dela eta, sarritan euskarak galtzen irten duela salatu dute euskalgintzako eragile asko eta askok. Maierren ere hala gertatu da?
COVID-19ak gurean eragin zuzena izan du Euskara Batzordean. Izan ere, azken sei edo zazpi hilabeteetan ezin izan da batzordea batu. Irailean hasi ginen berriro batzen, baina telematikoki. Beraz, oztopo bat izan da. Hala ere, martxoan jendea lan egin barik etxean egon denean, barne mezu guztiak bai zuzendaritzatik baita erretore kontseiluetatik elebidunak izan dira. Lehenengo beti euskarazko mezua eta gero gaztelaniazkoa. Batez ere, erretore kontseilutik konpromiso bat daukagu, hau da, bidaltzen ditugun mezu guztiak elebidunak izan behar direla; bai postaz bidaltzen direnak, eta baita ere, Maier barruko iragarki tauletan jartzen ditugunak. Hortaz, publikoak diren mezu guztiak elebidunak izan behar dira.