Kutsatu gaitezen
Hamabost urtetan bizitako gorabehera ekonomikoak eta zailtasun linguistikoak ez dira gutxi izan. Baina egin dugu. 20 herrietako eragile, talde, harpidedun, iragarle eta babesleen aupadagaz egin dugu aurrera
Beldur naiz. Pandemia egoera honetan beldur naiz. Mikrobirus batek hankaz gora ipini du gizartea, hankaz gora mundua… Bai mundu zabala, eta baita norberaren eguneroko mundu txikia ere. Eta bai, beldur naiz.
Beldur gara. Osasuna arriskuan ikusten dugun honetan beldur gara, eta ez da gutxiagorako ere. Beldur izateko moduko egoera bizi dugulako.
Eta kutsatzeari beldurra sartu diguten honetan, ni ere beldur naiz. Baina ez kutsatzeko beldur naiz. SARS-COV-2 birusak paretik kendu digun bizimodu ereduarekin berriro ez kutsatzearen beldur naiz.
Hamabost urte bete ditu Busturialdeko Hitzak abenduaren 15ean. Nerabezarora heldu da. Eta Busturialdeko beste hainbat nerabek legez, ez du imajinatutako moduko ospakizun jendetsurik izango, ez ditu ondoan edukiko ondoan nahiko lituzkeen horiek guztiak (ez fisikoki, behintzat). Zoriontzeko ematen diren bi muxuak, besarkadak… zorion eta maitasun adierazpenak ‘debekatuta’ ditugulako, horiek inoiz berriro ez berreskuratzearen beldur naiz.
Maitasun adierazpenak galtzearen beldur, Maita dezagun ondo kanpaina bultzatu zuten Hitzek 2019an. Gurea dena, tokikoa dena, gure nortasuna, gure kultura, gure ekonomia, gure hizkuntza… Gurea maitatzearen aldeko kanpaina izan zen hura. Eta aurrerantzean ere ondo maitatzen jarraitzeko apustua egin dugu Busturialdeko Hitzako lantaldekook. Zailtasunak zailtasun, egoera bata edo bestea dela, zuen berri ematen, zuen informaziorako eskubidea bermatzen, Busturialdeko albisteak euskara hutsean ematen jarraitu dugu, egunerokotasunean ondoan jarraituz.
Hamabost urtetan bizitako gorabehera ekonomikoak eta zailtasun linguistikoak ez dira gutxi izan. Baina egin dugu. 20 herrietako eragile, talde, harpidedun, iragarle eta babesleen aupada izan dugulako egin dugu aurrera. Gogoan ditut zuen laguntasun eta berotasun adierazpenak: Busturialdeko Hitzaren aldeko manifestazio jendetsua, Busturialdeko Hitzaren aldeko kontzertuak Astran eta hogei urtetan Gernikari hainbeste eman dion Trinkete Antitxokoan; Gernika-Lumoko jai Alai frontoian bi urtez jarraian egin ziren Hitzaren aldeko bertso saioak, Nik maite dut Hitza kanpaina bultzatzeko ondoan izan genituen herritarren borondate ona eta berotasuna, urte hauetan bultzatu ditugun harpidetza kanpainekin bat egin duten kirolari, norbanako, talde eta eragileen ekarpena, Hitza eguna…
Horiek guztiak, eta azken batean zuek, izan zarete Busturialdeko Hitza, euskara, eta tokiko komunikazioa kutsatu duten birusa. Babes, elkarlan, bultzada eta maitasun hori da gure barruetaraino heldu eta egoera latz denetan indarberrituta ateratzea posible egin dutena. Eta urteurren honetan ere, hori da sentitu gura duguna, hori da eskertu gura duguna…
Horrekin guztiarekin kutsatu gaitezen!
Zorionak Busturialdea!