Durangoko Azokak kontzertuak antolatuko ditu Euskal Herriko zortzi herritan, tartean Bermeon
'Zu non, han DA!' egitasmoaren baitan, abenduaren 6an eta 7an eskainiko dituzte zuzeneko kontzertuak, Bermeoko Kafe Antzokian.
Aurten, Durangoko Azoka Euskal Herri osora zabalduko da Zu non, han DA! egitasmoaren bidez. Hala, sarean egongo den denda eta Durangon bertan egongo diren jarduerez gain, Durangoko Azokak kontzertuak antolatuko ditu Euskal Herriko zortzi herritan, tartean Bermeon.
Bermeoko Kafe Antzokiak hartuko ditu kontzertuak. Abenduaren 6an, Gatom eta J Martina igoko dira agertokira, eta abenduaren 7an, berriz, Joseba Irazoki eta Inoren Ero Ni. Bi egunetan 18:00etan hasiko dira kontzertuak. Bermeoko kontzertuen sarreren prezioa 10 eta 12 eurokoa izango da, hurrenez hurren. Kontzertuetako sarrerak bihartik aurrera [azaroak 21] eskuratu ahal izango dira webgune honetan, 11:00etatik aurrera.
Guztira, 32 taldek parte hartuko dute. Honako herrietan antolatu dituzte kontzertuak: Amurrio (Burubio), Gasteiz (Jimmy Jazz), Bermeo (Kafe Antzokia), Bilbo (Euskalduna), Ondarroa (Beikozini), Azpeitia (Sanagustin eta Soreasu), Donostia (Doka eta Dabadaba) eta Atarrabia (Totem).
Zu non, han DA! ekimenaren helburua Azoka kulturzaleengana gerturatzea izango da, aurten kulturzale guztiek ezin izango dutelako Durangora urteroko bisita egin. Gerediagako presidente Nerea Mujikak gogoratu duenez, gaur egun indarrean dauden mugikortasun ezarpenen eraginez, Durangoko eta mugakide diren herrietako biztanleak bakarrik joan ahalko dira modu presentzialean Durangoko egitarauaz gozatzera. “Hori dela eta, aurten euskal herrietatik Durangora etortzerik izango ez denez, Durangoko Azoka joango da euskal herrietara: zu non, han DA!”.