Bidean aurrera egiteko beharrezko hauspoa
Azken 15 urteotan ibilbide oparoa osatu du Busturialdeko Hitzak alboan izan dituen bidelagunekin. Eta aurrerantzean ere, horien guztien babesari eta hauspoari esker jarraituko du lanean.
Duela hamabost urte ikusi zuen argia Busturialdeko Hitzak, eta orduz geroztik, harpidedunak izan dira proiektuaren sostengua.
Hitzaren lantaldeak lehen eguneko ilusio berberagaz jarraitzen du euskara zaintzeko arduragaz lanean, baina tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaraz kontatzen jarraitzeko beharrezkoa da euskarazko komunikabideen kontsumitzaileen, harpidedunen eta eragileen ekarpena. 15 urte bete dituen proiektuaren etorkizuna bermatzeko, esku gehiagoren beharra berebizikoa da. Harpidedun izatea proiektua osotasunean babesteko modua da, eta Hitza ondo maitatzeko modurik zintzoena Hitzakide egitea da.
Elkarte, talde, eragile, udal eta norbanakoek esateko eta zabaltzeko daukatena eta, oro har, Busturialdeko informazioa modu gertukoan jasoko dute Hitzakide egiteko urratsa eman eta konpromisoa hartzen dutenek. Keinu txiki horri esker, euskararen normalizaziorako bidean pausoak ematen jarraituko du Hitzak. Eta bide hori irakurleagaz batera egingo du, harpidedunagaz, alegia.
Egunero gertatzen denaren berri izango dute harpidedunek. Urteko kuota ordainduta, martitzenetik barikura goizero jasoko dute egunkaria etxean, lantokian edota euren negozioetan: zortzi orrialdekoa martitzenetik eguenera eta 32 orrialdekoa barikuetan, horietatik 16 orrialde Bizkaiko Hitzakoak.
www.busturialdea.hitza.eus atari digitalean, gainera, klik bat eginez, eskualdeko errealitatearen berri edukiko dute. Webgunean, gainera, Hitzakideek eurei zuzendutako atal berezia ere badute. Unean uneko albisteak irakurtzeko aukera izateaz gain, elkarrizketa, erreportaje eta albiste bereziak esklusiban bistaratuko zaizkie, eta inork baino arinago irakurri ahal izango dituzte. Egunkariaren hemeroteka eta argazki galeria multzoak ere eskura edukiko dituzte uneoro.
Inoiz baino merkeago. Eta Hitzakide txartel arrosari esker, asteko zozketetan eta hileroko zozketa nagusian parte hartzeko aukera ere edukiko dute. Hitzaren sarean dauden hainbat saltokitan eskaintza eta deskontu bereziak lortzeko modua ere badaukate Hitzakideek.
Abantaila horiek guztioriek eta gehiago lortu ahal izateko Hitzakide egitea beharrezkoa da. Aurten, gainera, Bizkaia aurrera! kultur bonuari esker, 2021eko harpidetza egitean edo berriztean 25 euro aurrezteko aukera egongo da. Promozioa harpidedun zaharrentzat zein berrientzat da. Harpidetza egiterako garaian bonu bat baino gehiago erabili ahal dituzte harpidedun berriek: bata, abendura arteko harpidetza ordaintzeko eta, bestea, 2021ekoa ordaintzeko.
Deskontu horregaz baliatzeko B motako bonua eskuratu behar da Kutxabankeko orotariko kutxazainetan edo webgunetik. Ondoren, Hitzagaz harremanetan jarri beharko da jasotako bonu kodea balioztatzeko: 94-684 44 36 + 1 luzapenera deituta edota lh@hitza.eus posta elektronikora mezu bat idatzita.