Azken laurdenean erabaki da derbia
Ligaren 11. jardunaldian, Lointek Gernika Bizkaiak 60-50 galdu du IDK Euskotrenen kontra.
60-50 amaitu zen Donostiako derbia atzo. Partidu parekatua izan zen azken laurdenera arte; 20-7ko partzialagaz amaitu zen neurketa.
Itziar Ariztimuñoren berbetan, derbien ohiko “intentsitatez” betetako partidua izan zen. “Bagenekin partidu hau oso garrantzitsua izango zela kopan sartzeko. Bi taldeok momentu on eta txarrak eduki ditugu. IDKk azkenean erasoan asmatu du, eta defentsan ere estutu egin gaitu”. Mario Lopez entrenatzaileak azpimarratu zuen “sentsazio onak” falta izan zitzaizkiela: “Paridu osoan zehar ez ditugu sentzazio onak aurkitu. Defentsan gorabeherak eduki ditugu; momentu batzuetan ondo eta beste batzuetan ez. Erasoko erritmo barik aritu gara”.
Partiduan sartzeko arazoak eduki zituen talde gernikarrak. Jaurtiketak errematatzeko zailtasunak eduki zituen. Esaterako, hasierako hamasei saiakeretatik bi saskiratze soilik lortu zituen. Hala ere, defentsa lanari esker markagailua berdinduta mantentzea lortu zuten. 13-11 amaitu zuten lehen laurdena.
Angie Bjorklund min hartuta dagoenez, Belen Arrojok bete zuen haren lekua hasierako boskotean, eta bere lana txukun bete zuen granadarrak. Bere batazbestekoa ere gainditu zuen; hamar puntu egin zituen atsedenaldira ailegatu aurretik, eta bere batezbestekoa sei puntukoa da partiduko. Nogaye Lok eta Paula Ginzok ere erritmorik galdu ez dutela erakutsi zuten. 17-11ko markagailuagaz, partidua geratu zuen Lointeken entrenatzaileak, eta jarraian, 2-9ko partziala egin zuen talde gernikarrak. Lehen zati arintasunik gabekoa izan zen. Bi taldeetan abiadura falta igarri zen. Puntu bakarreko aldeagaz joan ziren atsedenaldira (24-25).
Etxeko taldeari Lointeki baino hobeto etorri zitzaion atsedenaldia, 6-0ko partziala egin zuen eta. IDKko Mariam Coulibalyk eta Lointekeko Nadia Colhadok lehia estu bezain polita eduki zuten uztai azpian. Oro har, bi taldeek saskiratze gutxi lortu zituzten bigarren zatian, eta jokaldi distiratsurik gabeko minutuak izan ziren. Lehiari zein jokoari martxa bat gehiago falta zitzaizkien.
Gernika-Lumoko taldea markagailuan aurretik zela sartu ziren azken laurdenean (40-43), eta azken minutu horietan berotu zen partidua. Etxeko jokalariek dena eman zuten garaipena eskuratzeko. Esaterako, Laura Garciak bere esperientzia baliatu zuen, eta Julia Gladkovak bere kalitatea atera zuen taldeak gehien behar izan zuenean. Minutu erabakigarrienetan ideiak argi eta aurkaria baino indartsuago aritu zen talde donostiarra.
Domekan, Malosten. Lointek Gernika Bizkaiak aurkari zuzenaren kontra lehiatuko du hurrengo jardunaldia. Cadi La Seu hartuko du Malosten, domekan [azaroak 22], 18:00etan.