Ahots askoren hitza
Eragile, herritar askoren bozgorailua izan da eta bada BUSTURIALDEKO HITZA. Ibilbide emankorra egin du, ahots askoren hitza izanez, eta horren errepasoa bilduko duen bideoa kaleratuko du urteurrenean.
Hamabost urteko ibilbidean hamaika bidelagun izan ditu Busturialdeko Hitzak. Ezinbesteko laguntzaile fidelak. Asko eta asko izan dira sorreran zein ondorengo urteetan makina bat behar egin dutenak euskarazko eskualdeko egunkariaren alde. Urteurrena ospatzeko, abenduan kaleratuko dugun bideoa prestatzen ari gara, mimo handiz. Hitzaren maitale kuttunak izan zirenak eta badirenak bilduko ditugu bertan.
Nork bere herriko kontuak euskaraz irakurtzea. Beste egunkarietan argitaratzen ez diren albisteak euskara hutsean ematea. Erronka eta ilusio horregaz jaio zen abenduan 15 urte beteko dituen nerabea. Egunkariaren sortze prozesuan buru-belarri ibili ziren Jose Ramon Muruaga, Jose Luis Bilbao eta Bitor Uriarte bermeotarrak. Ondo gogoan daukate nola batu ziren herriz herri, tokian tokiko talde eragileekin. Proiektua azaltzea eta harpidetzak bultzatzea izan zen euren zeregina. «10.000 harpidedun lortu gura genituen. Baikorrak ginen», dio Muruagak. Kultur, kirol, hezkuntza… alor askotako ordezkariak elkartu ziren batzarretan, eta Uriartek esan modura, «garrantzi edo protagonismo handia eduki zuten euskara taldeek eta euskaltegiek».
Batzarretan euskarazko erreferentziazko egunkari bat sortzeko ideia begi onez ikusi zutela azpimarratu dute. «Printzipioz, eratzeko prozesu horretan administrazioak ez sartzea pentsatu zen. Gero, laguntza ekonomikoak eskatzeko udaletxe guztietara joan ginen. Biztanle bakoitzeko euro bat eskatzen zen. Batzuek pozik ematen zuten, eta beste batzuek ukatu egin zuten. Ekonomikoki defizitarioa izan da beti. Dirua eskatzen ibiltzen ginen udaletxe guztietatik eta foru aldundian ere bai, eta ukatu egiten ziguten», azaldu du Uriartek. Muruagak aitatu du enpresek ekarpenak egiteari buruz eztabaidatu zutela, «enpresak laguntzaile izanez gero, independentzia galtzeko arriskua» zegoen eta.
Lehen alea kalean ikustean hunkitu egin zirela aitortu dute. «Lehen urtean denak gorde nituen», dio Uriartek. «Baita neuk ere, oraindik ganbaran ditut gordeta», gaineratu du Bilbaok. Orain, hamabost urteren ostean, «erreferentzialtasuna» daukala ikusita pozik daude. Bilbaoren berbetan, euskarazko irakurzaletasuna bultzatzeko tresna garrantzitsua izan da eta bada: «Lehen euskaraz irakurtzen ez zuten batzuek, orain Hitza hartu eta ahalegina egiten dute. Parte horretatik ere irabazi da».
Edizio digitalek indarra hartu duten aro honetan, etorkizunagatik galdetuta ezkorra da Muruaga. «Laguntza ekonomikoa badauka, eta militantziagatik jarraitzen badugu, iraun lezake. Jende askok militantziagatik egiten du harpidetza, eta militantzia galtzen doan gauza bat da». Uriarte, ostera, baikorra da: «Momentu honetan ez dut paperekoa irakurtzen, Interneten PDFa irakurtzen dut. Orain baliabide berriak bilatu behar dira, eta Hitzak eta Berria tren horretan igota dabiltza. Garrantzitsuena euskaraz irakurtzea da».
«Ekarpen garrantzitsua». Herritik, herri mugimenduetatik sortutako proiektuak zer diren ondo baino hobeto daki Natxi Aranburuk. Hamaikatxo saltsatan murgilduta egon da eta dago. Hitza azken hamabost urteetan Busturialdeak eduki duen ekarpen garrantzitsuenetakoa dela uste du natxituarrak. Sortzean «mundu berri bat» agertu zitzailea nabarmendu du. «Egunero egunkari bat gure hizkuntzan irakurtzeko aukera zabaldu zitzaigun, zailtasun guztiekin, baina hor dago. Ekarpen hori behar zen, eta ikaragarria izan zen. Euskalzaleontzat ez ezik, beste edozeinentzat ere gaur egun erreferente bat da. Uste dut Natxituan ez dagoela inor Hitza irakurri ez duenik. Eta ezagutzen dut adin bateko jendea Hitzagaz euskaraz irakurtzen hasi zena. Edozeinentzat da erakargarria».
Zehaztu du euskarazko proiektu batek, komunikabide batek eduki beharko lukeen sustapen ekonomikoak zer pentsatua eman diola hasiera-hasieratik. «Babes eta sustatze ekonomikoa beharrezkoa du, batez ere instituzioen aldetik, eta hemen udalen aldetik, koloreak albo batera utzita. Hor egon behar dugu herritarrok eta guk aukeratu ditugun ordezkariak».
Bere iritziz, Busturialdeko errealitatea erakusteko eduki duen «ikuspegi zabalari eustea» da hamabost urtez iraun izanaren zutabe nagusietako bat. Euskal kazetaritza, eta euskal prentsa oraindino egiteko dagoela dio: «Lehenengo pausoak ematen ari garela argi eduki behar dugu. Teknologiek daukaten indarragaz batera, kontziente izan behar gara hastapenetan gaudela, bai euskararen normalizazioari begira, eta kazetaritza begira».
Hitza egunero argitaratzeko bertako langileen inplikazioa giltzarria izan da. Beharrean makina bat ordu aritutakoak dira Maite Orue gernikarra eta Gentzane Uriarte bermeotarra, eta proiektuaren hasiera «ilusioz betetako unea» moduan gogoratu dute. Ikasi zuten horretan etxetik gertu lan egitea «aukera bat» izan zela esan dute: «Aukera profesional handi bat. Gainera, lehenengoz euskara hutsean lan egiteko aukera izan zen».
Hauspoen beharra. Martxan jartzeko lehen hilabeteak «gogorrak eta estres momentuz betetakoak» izan ziren: «Ordu asko sartu genituen. Zerotik hastea zen, eta ez genuen elkar ezagutzen. Oinarria bazegoen, beste Hitza batzuk sortuta zeudelako, eta hortik pila bat ikasi genuen». Jende askok proiektua ezagutzen ez zuela eta, azaltzeko ahaleginean ere orduak eman zituzten, eta kexei zein oztopoei aurre egiten ere eskarmentua hartu dute Hitzan. Ibilbidean «harri asko topatu» dituzte, eta horiek gainditzea «oso gaitza» izan da. «Eskerrak langile denei. Langileek lan itzela egin dute, eta horri esker hamabost urte bete ditu», zehaztu du Oruek.
Argi daukate harpidedunen eta langileen inplikazioari eta konpromisoari esker biziraun duela proiektuak. Bere bidea egiten jarraitzeko, diru laguntzez gain, jende gehiagoren inplikazioa ezinbestekoa duela uste dute: «Eskualdeko erakundeetatik hasi, eta aldundiaren eta Jaurlaritzaren inplikazioa behar da. Diru laguntzak beti egon dira eskas, eta beti izan dira beharrizan nagusietako bat, eta beste parte batetik herritarren sostengua, ekonomikoa eta erraztasunak ematea», esan du Oruek. Uriarteren berbetan, «udalak gehiago inplikatu» beharko lirateke, Hitza «erakusleiho handi bat» delako. «Ez diote etekinik ateratzen».
Bien iritziz, jende askok oraindik ere egunkaria bera esku artean edukitzea eskatzen du, baina gaur egun sare sozialak eta Internet dira gakoa: «Gazteengan eragin gura bada, bide horiek erabili behar dira».
Rosalina Iturbe Busturiko Hirugarren Adinekoen Elkarteko presidente zela egin zen Busturialdeko Hitzaren harpidedun. Jakin badaki Hitzak webgunea ere badaukala eta sarean ere irakurtzeko aukera daukala, baina Iturbek papera gura du. Papera mantentzearen aldekoa da.
Busturiarrak egunero irakurtzen du Hitza: «Gosariaren postrea da». Egunkaria «bere ikastola» izan da: «Nik ezin izan dut euskaraz ikasi. Hitzagaz ikasi dut euskaraz irakurtzen eta idazten. Ez dakidanean berbaren bat zelan idazten den, Hitza begiratzen dut». Dioenez, Hitza du lagunik onena. Egunkari osoa irakurtzen du, albiste guzti-guztiak. Etorkizun «luzea» ikusten dio Hitzari: «Ume eta gazteek dena ikasten dute euskaraz, eta oso baliagarria dute».
Sortze prozesuan Ibarrangelun eratu zuten taldeko kidea da Begoña Ziluaga, eta dioenez, ez zuten pentsatzen «horrenbeste iraungo» zuenik. Gaur egun, baina, etorkizuna ikusten dio proi-
ektuari. «Horretarako derrigorrez instituzioen laguntza behar du, bestela ez du segiko aurrera. Hori argi dago. Ez Hitzak bakarrik, euskarazko hedabide guztiek eta euskarak berak ere instituzioen laguntza behar dute».
Herrian antolatzen dituzten ekintzak eskualdeko egunkarian agertzea garrantzitsua dela deritzo: «Hitzari esker enteratzen gara herri guztietan egiten diren ekintzekin. Sarritan eredu moduan ere hartzen ditugu beste herrietakoak. Beste egunkari batzuk ere irakurtzen ditut, baina Hitza irakurtzen dut beti lehenengo, alboko herrietan zer dagoen, zer gertatu den jakiteko. Herri txikiok ez gara heltzen beste egunkarietara; gu zuengana heltzen gara. Gure egunkaria zuek zarete».