Gernika multzoko liderra da
3. jardunaldian atzeratu zuten partidua jokatu dute Gernikak eta Santutxuk, eta 4-0 irabazi du talde gernikarrak.
Aurkari gogorraren kontra, garaipen garrantzitsua lortu zuen Gernikak atzo iluntzean, etxean. 4-0 irabazi zion Santutxuri. Hain zuzen, 3. jardunaldian, talde bilbotarreko Koronabirus kasuengatik atzeratu behar izan zuten partidua izan zen atzokoa. Garaipen honen ostean, 13 puntugaz, lider ipini da; puntu bakarrera dago Deusto. Liga hasi zutenetik, Gernika-Lumoko taldeak ez du partidurik galdu. Lau garaipen eta berdinketa bakarra lortu du (4. jardunaldian bana berdindu zuen Somorrostroren zelaian).
Gol festa nagusitu zen Urbietan. Lan “oso ona” eginda, partiduaren “pisua” eta gol aukera asko eduki zituen etxeko taldeak. 40. minutuan heldu zen lehenenengo gola, Gorka Marcosen erdiraketa oso ona jaso zuen Ale Hernandezek, eta ate aurrean ez zuen hutsik egin. Baina aurretik, markagailua estreinatzeko aukera eduki zuten etxekoek. Esaterako hasi eta sei bat minutura, Gorka Marcosek buruz erremate ona egin zuen, baina Santutxuren defentsak atera zuen areatik, eta 30. minutuan, Urtziren erdiraketa oso ona Pachecok errematatu, eta Santxutuko atezainak geldiketa bikaina egin zuen. Atsedenaldira joan aurretik sartu zuen Gernikak bigarrena. Lehen zatian hiru minutuko luzapena agindu zuen epaileak, eta 47. minutuan Urtzi Urzelaik egin zuen 2-0ekoa.
18. minutuan aldaketa bikoitza egin zuen Gernikak. Cristian Sanzek eta Imanol Etxabek berdeguna utzi behar izan zuten min hartuta, eta Hugo Cabanas eta Ander Pacheco zelairatu ziren.
Bigarren zatia hasi eta berehala, Hernandezen erremate ona gelditu zuen Santutxuko atezainak. 75. minutuan Santutxuren aldeko penaltia adierazi zuen epaileak, baina, Sergio Becerrak penalti jaurtiketa geratu zuen. Lau minutu beranduago, hamar jokalarigaz geratu zen Santutxu; Andoni Rodriguezek txartel gorria ikusi zuen.
84. minutuan, etxeko taldeak bere bosgarren aldaketa egin zuen, Ager Badiola sartu zen, Hernandezen ordez. Eta minutu bat beranduago, Ander Pachecok sartu zuen talde gernikarraren hirugarren gola. Hala, 90. minutua betetzear zela, Iban Ribeirok gol aukera eduki zuen, baina baloia kanpora joan zen. Gero, lau minutuko luzapena ondo aprobetxatu zuen Urbietako taldeak. Badiolak egin zuen 4-0ekoa, 92. minutuan.
Ondarroara. Ligako bi partidu prestatzeko lana eduki du aste honetan Urbietako taldeak. Zapatuan [azaroak 21], Aurreraren kontra jokatuko du Ondarroan. 16:30ean hasiko da Zaldupeko partidua.