Gabonetako postal eta olerki lehiaketa antolatu dute Foruan
Hiru urtetik aurrerako herritarrek parte hartu ahalko dute. Lanak aurkezteko azken eguna azaroaren 30a izango da.
Foruko Udalak eta J.M. Torrealdai Kultur Etxeak Gabonetako postal eta olerki lehiaketa antolatu dute.
Hiru urtetik aurrerako herritarrek parte hartu ahalko dute aipatu lehiaketan. Kategoria ezberdinetan banatuta parte hartuko dute, gainera: batetik, 3 eta 5 urte bitartekoak izango dira eta horiek postal lehiaketan parte hartuko dute; bestetik, 6 eta 12 urte artekoak egongo dira, eta horiek ere lehiaketa berean parte hartuko dute.
13 urtetik gorakoek, aldiz, postal lehiaketan zein olerki lehiaketan parte hartzeko aukera izango dute.
Kategoria batekoek zein bestekoek gai bera izango dute: Gabonak. Lanak Din-A4 neurrian aurkeztu behar direla jakinarazi dute.
Lanak aurkezteko azken eguna azaroaren 30a izango da (astelehena). Goizez, udaletxean aurkez daitezke lanak, arratsaldean, berriz, kultur etxean.
Denentzako sariak. Antolatzaileek jakitera eman dutenez, parte hartzaile guztientzako sariak egongo dira, eta zozketa bereziak ere egingo dituztela iragarri dute. Sari banaketa ekitaldia abenduaren 11n egingo dute.
Lehiaketara aurkeztutako lanak herritarrak zoriontzeko erabiliko dituzte.