Asteburuan elkarbizitzaren alde pausoak emateko deia zabaldu du Sarek
Sare Gernika-Lumok 500 km batzeko erronka zabaldu diete udalerriko eta inguruetako herritarrei. Busturian mosaikoa osatuko dute domekan.
Bidea gara, bidean gaude lelopean, herriz herri eta auzoz auzo mobilizazioak antolatu ditu Sarek asteburu honetarako, Izan Bidea dinamika bultzatzeko. Ahalik eta herritar gehien dinamikara batzea dute asmo. Elkarbizitzaren alde pausoak eman gura dituzten herritar guztiei zabaldu diete deialdia, “preso eta iheslarien auzia konpondu eta salbuespen legedia amaitzearen alde antolatuko diren ekimen hauetan parte hartzera”.
Askotariko ekimenak egingo dituzte Euskal Herriko hainbat txokotan, eta denak ere norabide berean; “herritarren aktibazioa piztea, preso eta iheslarien etxeratze prozesua martxan jartzea eta elkarbizitzaren eta bakearen aldeko urratsak ematea”.
Labirintotik argitara izeneko ekimena antolatu du domekarako Busturiko Sarek. Euskal presoen aldeko mosaiko bat egingo dutela azaldu dute antolatzaileek. Gezi bat osatzea dute helburu, eta grabatu egingo dute. Madariaga Dorretxean batuko dira horretarako, 12:00etan. Mosaikoa egiteko, 50 lagun behar dituztela azaldu dute; «berdin dio adinak, edozein herritarrek parte hartu dezake». Argi utzi gura izan dute, beharrezkoak diren osasun eta segurtasun baldintzak beteko dituztela.
Eguraldi ona egitea espero dute, «horrek asko baldintzatzen baitu». Madariaga Dorretxean dagoen parkeko labirintoa baliatuko dute ekimenerako: “Labirintotik atera gura dugu egoera berri batera, eta hori islatu gura dugu irudikatu gura dugun geziagaz. Labirintotik irteten, bidetik, danon artean, danok gara bidea. Astebururako Sarek antolatu dituen mobilizazioetarako leloarekin bat egine”. Ideia “polita” dela uste dute, eta herritarrak gonbidatu dituzte parte hartzera.
Sare Gernika-Lumok, berriz, azaroaren 21ean eta 22an, udalerrian 500 km egiteko erronka plazaratu du. Korrika, bizikletan, etxeko bizikletan, ibiltzen… naieran norberak bere km-ak egitera animatu dituzte bertako zein inguruko herritarrak, denen artean erronka betetzeko: “Denak norabide berean, preso eta iheslarien etxeratze prozesua martxan jarri eta elkarbizitzaren eta bakearen aldeko urratsak emateko. Gernika-Lumo eta inguruko herrietan gure ekarpena egingo dugu, eta osasun-neurriak bermatuta egingo ditugun ibilaldiak edo etxean bertan osatzen ditugun kilometroak zenbatuko ditugu. Baietz 500 km egin danon artean!”
Partekatzeko deia. Parte hartzen dutenei Izan Bidea aplikaziora euren km-ak igotzeko eskatu diete, bai eta 663 74 09 13 telefono zenbakira edota gernikakosare@gmail.com posta elektronikora bidaltzeko ere, km-ak eta partaideak zehaztuta eta ateratako argazkiak ere bidaltzeko eskatu dute. Argazkiak www.saregernika.eus webgunean erakutsiko dituzte.