Zaintza sektoreetan greba deitu du ELAk
Zaintza sistema publikoaren aldeko protesta eguna iragarri dute martitzenerako.
Zaintza sektoreetako langileek pairatzen duten prekarizazioa salatzeko greba eguna deitu du martitzenerako [azaroak 17] ELAK. Deialdiaren baitan, elkarretaratzeak iragarri dituzte. Gernika-Lumon, esaterako, 11:30ean batuko dira Foruen Plazan. “Lan merkatu formal prekarizatuan” egoera bereziki kalteberan dauden pertsonak zaintzeko ardura duten sektoreetako (adinekoak, adin txikikoak, aniztasun funtzionala dutenak edo bazterkeria sozialeko arriskuan daudenak…) langileak daude grebara deituta.
Etxeko langileak ere ezin direla ahaztu ohartarazi dute. “Hauei ez zaie greba egiteko eskubiderik aitortzen, ez eta lan eskubide oinarrizkoenak, baina zaintza merkantilizatuaren zati nabarmena hartzen dute, sarri esplotazio eta abusuzko baldintzetan”. Sindikatuak azpimarratu dutenez, COVID-19ak agerian utzi du aspalditik aldarritzen ari direna. “Zaintza lanak funtsezkoak direla, eta ezin direla gelditu”.
Jakinarazi dutenez, zaintza gehienak “pribatizatuta edo merkantilizatuta” daude, enpresa pribatuen esku. “Etekin ekonomikoa lehenesten dute, eta ez pertsonak zaintzea. Hori guztia, gainera, diru publikoz finantzatua dago. Bere burua aurreratutzat duen gizarte batek nolatan onar dezake biziarekin negozioa egitea? Zaintza profesionalizatua publikoa, duina, unibertsala eta doakoa izan behar da”.
Sindikatuaren iritziz, martitzeneko grebak “aldaketa historikoa” eragin nahi du. “Helburua da zaintza sistema publiko bihurtzea, eta hau gure herrian lehentasun politiko izan dadin lortzea. ELAk argi dauka pandemiak zalantzan jarri dituela azken hamarkadetan inposatu nahi izan dizkiguten balio batzuk. Agerian geratu da publikoa baino ez dela gai izan pandemiari aurre egiteko”.