Urdaibai Kantaguneak bat egin du EITB Maratoiagaz
Koronabirusa da aurten EITBren elkartasun kanpainaren gaia, eta bertso-katea sortzeko deia zabaldu diete herritarrei. Urdaibaiko Kantaguneko kideek ez dute birritan pentsatu, eta bertsoak egin, eta bideoa aurkeztu dute. Taldekideen artean osatu dituzte bertsoak, eta elkarregaz batu ezin direnez, euren ekitaldietako argazkiekin irudikatu dute maratoirako ikus-entzunezkoa. “Gizarte mailan, jarrera indibidualak baztertu eta taldearekiko indarra eta babesa bultzatu behar dugu. Hau da gure ahalegina, guztiokin konpartitu nahi duguna”, adierazi dute.
Izan ere, pandemiak taldearen jarduna erabat baldintzatu du: “Lagun eta familien arteko hurruntasuna nahikoa izan ez, maskararen erabilera beharrezkoa eta etxetik ahal den eta gutxien irtetzearen gomendioa jarraitu beharrak eroan gaitu taldeko dinamika guztiz aldatzera. Aldatu da bai, baina ez dugu etsi eta jarraitu dugu taldean harremantzen”. Gogora ekarri dute kantuaren bitartez “euskara bultzatzea” dela euren jarduna, eta hori banaka ere egin ahal izatea “abantaila handia” dela uste dute: “Taldea bizirik eta aktibo mantentzeko gure zuzendaria den Josu Erezumak astelehenero, WhatsApp bidez proposatu digu aste bitartean zein kantu entzun eta ikasi. Ez dira falta izan gure etxeetan alaitzen diguten kantak eta kontuak! Horrez gain, kantukideei zoriondu, intereseko informazioa zabaldu eta zelan ez abesti interesgarrien berriekin aberastu ditugu gure arteko harremanak. Guztia modu digitalean, taldean abestea arriskuko jarduna baita”.