Gernikak hirugarren garaipena lortu du
Ligaren 5. jardunaldian, 3-1 irabazi dio Urgatzi talde gasteiztarrari. Aste honetan ligako bi partidu lehiatuko ditu. Santutxuren kontra atzeratu behar izan duten partidua jokatuko du Urbietan, eguaztenean [azaroak 18], eta Aurreraren kontra Ondarroan, asteburuan.
SD Gernika Club-ak 3-1 irabazi zion Urgatzi KKri, zapatu arratsaldean.
Etxeko taldeak partidua hasi eta berehala hartu zuen aurrea markagailuan. 2. minutuan, Ander Pachecok estreinatu zuen markagailua. Gernikaren nagusitasuna erabatekoa izan zen, eta lehen zatian gol aukera argi asko eduki zituen, baina 1-0eko markagailuagaz joan ziren atsedenaldira. Bigarren zatiaren hasieran banako berdinketa lortu zuen talde arabarrak. 50. minutuan Urkizak egin zuen Urgatziren partiduko gol bakarra. Orduan, etxeko jokalariei urduritasun apur bat igarri zitzaien, baina, hala ere, partiduaren kontrola edukitzen eta gol aukera argiak sortzen segitu zuten.
Gernikaren bigarren aldaketan, Imanol Etxabe zelairatu zen, eta berak buruz sartu zuen bigarren gola, 75. minutuan. Gernikarrak denboraldi honetan ligan egin duen lehen gola da. Etxeko taldearen hirugarrena ere buruz etorri zen; Asier Aranak 81. minutuan sartu zuen.
Joko aldetik distira handirik barik lortu zuen garaipena Urbietako taldeak. Urgatzik pare bat gol aukera eduki zituen, baina, oro har, Altamira Gernikaren atezainak lan gutxi eduki zuen. “Jokoari dagokionez, beste egun batzuekin konparatuta, ez genuen oso ondo jokatu. Baina, egia da partiduaren kontrola eduki genuela hasieratik amaierara arte. Lehen zatian edukitako gol aukera guztiak gauzatu izan bagenitu, partidua lehen zatian erabakita geldituko zen. Atsedenaldira 4-0 heldu ahal izango ginen”, azaldu du Oscar Vales Gernikaren entrenatzaileak.
Urgatzi mailaz igo berri da, eta orain arteko partiduetatik haren kontrakoak eduki ditu gol aukera gehien talde gernikarrak. “Gol aukera gehien eduki ditugun neurketa izan da, eta hiru bakarrik sartu genituen. Horrek apur bat kezkatzen nau, baina lasai nago, partidu hauek ere zailak baitira, eta aurrera ateratzea albiste ona da”, zehaztu du Valesek. Dioenez, maila mantentzea “kostatuko zaio” talde arabarrari, baina “lan asko” egiten duen eta “ilusio asko daukan·” taldea da. “Gol aukerak sortzea eta aurkariaren atera heltzea kostatzen zaion taldea da. Talde gogorra da, eta uste dut zelai txikiagoetan min gehiago egin ahal duela, baina Urbieta bezalako zelai handietan zailagoa eduki du. Jokalari guztiak bizkorrak dira, baina egia da denboraldi honetan sufritu egingo duen taldea dela”.
Bi partidu, aste bakarrean. Aste honetan Gernikak ligako bi partidu lehiatuko ditu. 3. jardunaldian Santutxuren kontra atzeratu behar izan duten partidua jokatuko du Urbietan, eguaztenean [azaroak 18], eta 6. jardunaldia Aurreraren kontra lehiatuko du Ondarroan, asteburuan.
Entrenatzailearen iritziz, bi norgehiagoka horiek irabazteko “taldearen jokoari eustea” giltzarria izango da: “Talde zabala daukagu, eta jokatzen duten denek ondo egingo dutela argi daukagu”. Santutxuren kontrako partidua gogorra izango dela azpimarratu du: “Partidu oso konplikatua izango da. Urte asko daramatza gauzak ondo egiten, eta kategorian egonkortutako taldea da. Baina ilusioz prestatuko dugu gaur eta bihar, eta ostegunetik aurrera pentsatuko dugu Ondarroako partiduan”.