Herritarrek eman diote arnasa
Herritik sortu zen HITZA proiektua, eta herriak hauspotu du momentu zailenetan ere. Gorabeheratsua izan da proiektuaren ibilbidea, baina haren aldeko keinuak ugariak izan dira.
Zuk barrutik nik kanpotik tira, herria indartzen ari da». Hala dio abestiak, eta esparru askotan hala izan da, baita herri komunikabideen kasuan ere.
Herrikoa izaten jaio zen Busturialdeko Hitza komunikabidea, euskara hutsezko proiektu komunikatibo bakarra eskualdean. 2005. urtean hasi zuen ibilbidea, eta 15 urte beteko ditu abenduaren 15ean. Bidean oztopoak aurkitu ditu, baina horiek gainditzeko laguntza eduki du: herritarren laguntza. Herritarrek bultzatutako talde, elkarte eta eragileen laguntza.
Hasierak ez dira izaten errazak, eta Busturialdeko Hitza ez da salbuespena izan. Hasi eta abiadura hartzeko behar zuen bultzadatxoa eman zioten Gernika-Lumoko gazteek 2007. urtean, hainbat eragilegaz batera. Hitza aurrera kartelak eskuetan, Gernika-Lumoko kaleak zeharkatu zituzten manifestazio jendetsuan. Gauean, hainbat jende batu zen Astran eta Trinkete Antitxokoan antolatu zituzten kontzertuetan. Trinkete Antitxokoan jo zuten The Killministers bakiotarrek eta Markina-Xemeingo Aterkings taldeak. Astra gaztetxean, berriz, Iruñeatik etorritako Leihotikan eta Busturialdeko The Uski’s taldeak egon ziren. Jaialdian batutako dirua Busturialdeko Hitzaren egoera ekonomiko zailari aurre egiteko izan zen.
Babesa bertsotan. Asko izan dira 15 urteko ibilbidean Hitza proiektuak heldu dituen eskuak; elkarlanerako izan dira asko, eta aurrera egiten lagundu diotenak beste batzuk. Kultur arloan ere presente izan dute egunkaria, bidelagun. Horregatik, dirua batzeko ekimenak ere antolatu izan dituzte. Bertso saioak, esate baterako. 2010eko otsailaren 28an egin zuten lehenengoa, Gernika-Lumoko Jai Alai frontoian. Euskal Herriko txapelketa nagusira heldutako sei finalista aritu ziren kantuan: Aitor Mendiluze, Unai Iturriaga, Aitor Sarriegi, Jon Maia, Amets Arzallus eta Sustrai Colina.
Hurrengo urtean egin zuten Hitzaren aldeko bigarren bertso saioa, 2011. urteko otsailaren 27an, Jai Alai frontoian hori ere. Josu Goikoetxea gai-jartzaile lanetan, Maialen Lujanbio, Igor Elortza, Miren Amuriza, Amets Arzallus, Andoni Egaña eta Arkaitz Estiballes aritu ziren bertsotan oholtza gainean.
Urte bietako saioetan herritarren babesa izan zuen Hitza proiektuak, ehunka lagun joan baitziren frontoira bertsolarien lanagaz gozatzeko eta euskarazko egunkariarekiko babesa erakusteko.
Herria HITZArekin bat. Bertso saioez gain, Antoliñape kultur elkarteak eta Hitzak, elkarlanean, Hitza Eguna antolatu zuten 2010ean. Ekainaren 13an egin zuten jaialdia, Gautegiz Arteagan. Dantzariak, bertsolariak, herri bazkaria, umeentzako tailerrak eta jolasak… Umore eta giro onean eman zuten Busturialdeko hainbat herritarrek egun hori, festa eta aldarrikapena uztartuz. «Denon berbak batuz», eskualdean euskarazko proiektu komunikatibo bat «ezinbestekoa» dela aldarrikatu zuten festa egunera bertaratu zirenek.
Denon konpromisoagaz aurrera aterako zenaren ustea zabaldu zuten 2010eko jaialdi horretan, baina urte hartako azaroan Lea-Artibai eta Mutrikuko Hitzagaz bat egin behar izan zuen Busturialdekoak, bizirauteko. Proiektu biak batuta, beste 10 urte iraun du Hitzak, eskualde bietako 33 herrien harpidedunen, babesleen, irakurleen, eta ondoan dituen elkarte, eragile, talde eta udalen laguntzagaz.
Kanpaina desberdinak ere bultzatu dituzte, batez ere, egunkariaren harpidedunak lortzekoak. Hala, bi eskualdeotako aurpegi ezagunak ere bildu izan dituzte behin baino gehiagotan, Hitzaren aldeko harpidetza kanpainak eginez. Arrolape mendi taldea, Gernika KESB edota Gernika Rugby Taldeak etxean Hitza hartzearen aldeko mezua zabaldu izan dute, besteak beste, Pello Bilbao txirrindulari gernikarra, Txomin Arana moto gidari ereñarra edota Josu Bergara kantari eatarragaz batera.