Ostalaritzarako 30 milioi euroko laguntza programa iragarri du Jaurlaritzak
Langile kopuruaren arabera, 3.000-4.000 euro bitarteko diru laguntzak jasoko dituzte.
Eusko Jaurlaritzaren Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburu Javier Hurtadok pandemiak euskal ostalaritzan dituen “ondorioak arintzeko” onartu duten laguntza-programaren berri eman du gaur. Sektoreari “babesa eta euskarria emateko eta osasun-krisiaren eragin ekonomikoa txikiagotzeko” helburuagaz, 30 milioi euroko diru laguntza onartu dute. Programa hori sailaren “erresistentzia-planari gehituko” zaiola zehaztu du sailburuak: “Plan horrek 70 milioi euroko zuzkidura izango du, eta, horietatik, 45 milioi ostalaritzarako izango dira”.
3 langile baino gutxiago dituzten taberna eta jatetxeek 3.000 euroko laguntza jasoko dute, 4-10 pertsonako lantaldea daukatenek 3.500 euro, eta 10 langile baino gehiago dituzten establezimenduek, berriz, 4.000 euro. Laguntza horiek Eusko Jaurlaritzak zein beste erakunde batzuek gaur egun ematen dituzten laguntzekin bateragarriak dira.
“Autonomoei, mikroenpresei eta enpresa txikiei zuzenduta daude, eta jarduerari eusten, galera ekonomikoak arintzen eta, era horretan, enpleguari eusten laguntzea dute helburu nagusi. Hori dela eta, enplegu hori bermatu ahal izan dadin, irekitzeko murrizketak kendu eta jarduerari berriz ekiten hasi ondoren jarduera horri gutxienez 4 hilabetean eusteko eskatuko zaie laguntzak jasotzen dituzten establezimenduei. Sail honek konpromiso tinkoa du enpleguari eustearekin, eta azken aldian sektoreagaz batzartu gara euren ikuspegia jasotzeko eta eszenatoki desberdinetan neurri egokienak emateko”, azaldu du sailburuak.
Aldizkari ofizialean argitaratu eta biharamunean eskatu ahalko dituzte laguntzak, eta “laster argitaratzea espero dutela” esan du, “aste honen amaieran edo hurrengoaren hasieran”. Prozedura erraza eta azkarra izango dela, eta euren asmoa laguntzak “ahalik eta arinen” heltzea dela azpimarratu du.
Hurtadok gaur emandako datuen arabera, Araba, Bizkai eta Gipuzkoan ostalaritzaren sektorearen %99 baino gehiago mikroenpresek eta enpresa txikiek osatzen dute. Guztira, 12.219 establezimendu direla zehaztu du, eta, horietatik, erdiak baino gehiago langile bakarrekoak edo bikoak direla gaineratu du: “8.297 establezimenduk 3 langile baino gutxiago dituzte, 3.224k 4-10 langile, eta 698k 10 langile baino gehiago. Asko familia-negozioak dira, eta haietara iritsi nahi dugu, negozio horiei eta enpleguei eusten laguntzeko”, adierazi du.
Euskal ostalaritzarako laguntzetarako deialdiaren 30 milioi euro horietatik, 25 milioi euro Ekonomia eta Ogasun Sailak bideratuko ditu, eta gainerako 5 milioiak, berriz, Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailak. Hurtadok azaldu duenez, “5 milioi euro horiek aurreko COVID-19 aparteko laguntzen soberakinetatik lortu dira, merkataritzara bideratutako zatian, bertan aurkeztutako eskaera guztiak bete egin baitira”.