Eskubidedun kalitatezko osasun publiko baten aldeko greba deitu dute Osakidetzan
Osakidetzan ordezkaritza daukaten bederatzi sindikatuek deialdi bateratua egin dute. Urriaren 29an Araban eta azaroaren 5ean Gipuzkoan egin modura, Bizkaian azaroaren 12an egingo dute greba. Osasun publikoak dituen "gabezi larriak hartzeko neurriak ez hartzea" leporatzen diete Osasun Sailari eta Osakidetzari.
“Osasun publikoak gaur egun bizi dituen egiturazko arazo larrien aurrean”, Osakidetzan ordezkaritza daukaten sindikatu guztiek ekainean mobilizazio-dinamika bat jarri zuten martxan, eta oraingoan, greba deialdia egin dute. Urriaren 29an Araban eta azaroaren 5ean Gipuzkoan egin modura, Bizkaian eguenean [azaroak 12] egingo dute greba. Osasun publikoaren egoera larria delako eta irtenbiderik ez delako plazaratu deitu dute greba.
Azpimarratu dute Osasun Sailak eta Osakidetzak berak ez dituztela mahai gainean jarri “osasun publikoak pairatzen dituen gabezi larriak arintzeko neurriak”, eta urteak daramatzatela gabezi horiek salatzen. Diotenez, “nazkatuta daude hainbeste gezur, hitz polit eta manipulazioekin”, eta irtenbide errealak, premiazko neurriak gura dituzte, “gehiago itxaron gabe”.
Eskaera zehatzak egin dizkiete agintariei: Osasun publikoaren aurrekontua handitzea, langile kopurua gehitzea, behin behineko langileak egonkortzea, murrizketa bidez galdutakoa berreskuratzea, pribatizazioarekin amaituz, esku pribatuetan jarritako zerbitzuak berreskuratzea, eta plantillaren segurtasuna eta osasuna bermatzeko neurriak hartzea.
Sindikatuek zehaztu dute Osakidetzan arazoak ez direla sortu COVIDarekin, arazook “urrunetik datozelako”. Euren borroka eskubidedun eta kalitatezko osasun-sistema publikoa defendatzearen aldekoa dela gogora ekarri dute: “Hain zuzen ere, inoiz baino beharrezkoagoa da COVID pandemiaren erdian. Izurriteak argi utzi du osasun publikoan murrizketak egitea herritarren osasuna eta bizitza arriskuan jartzea dela, Osakidetzako langileak barne”.
Orain arte moduan, arduraz jokatuko dutela eta hiru greba hauek “erantzukizunagatik” deitu dituztela diote. Herritarrei ulermena eta elkartasuna eskatu dizkiete, “borroka hau denona eta denontzat·” delako. “Orain grebara ateratzen garenok pandemiaren unerik zailenetan atsedenik gabe lanean aritu garen pertsona berberak gara, kasu askotan babes egokirik gabe, mundu guztiari osasun arreta bermatzeko. Balkoitik txalo egin diezun pertsona berberak gara; komunikabideetan eta erakundeen aldetik milaka laudorio jasotzen genituen pertsona berberak gara”.
Herritarren elkarretaratzeak. Aurreko astean egin modura, asteon ere osasungintza publikoa defendatzeko elkarretaratzeak egingo dituzte herritarrek deituta. Bermeoko osasun zentroaren eta Gernika-Lumoko Ospitalearen aurrean 19:00etan jarri dituzte hitzorduak.
Elkarretaratzeetan parte hartzeko deia egiteaz gain, deitzaileek herritarrak argazkiak sare sozialetara igotzera animatu dituzte; #OsasungintzaPublikoaDefendatu traola erabiltzeko eskatu dute.