Atunaren arrantza sektorerako irtenbide berritzaile bila dabil BTWC
Sektorearen iraunkortasuna hobetzen lagunduko duten ideia sortzaileak bultzatzeko helburuagaz, sarean egingo den Innovathon Bermeo maratoia antolatu dute. Azaroaren 15era arte eman daiteke izena.
Bermeo Tuna World Capital elkarteak (BTWC) atunaren arrantza sektorerako eta industriarako erantzun berritzaileak aurkitu gura ditu. Horretarako, Innovathon Bermeo izeneko lehiaketa antolatu du.
Sarean egingo den 24 orduko maratoi birtuala izango da Innovathon Bermeo, eta azaroaren 21ean eta 22an egingo dute, Arrantzaren Munduko Egunarekin bat eginez.
Startup-ak, ekintzaileak, azken ikasturteko ikasleak, graduatu berriak eta masterreko ikasleak «industriaren iraunkortasuna hobetzen lagunduko duten ideia berritzaileak sortzeko aukera horretan» parte hartzera deitu dituzte. Izena eman gura dutenek azaroaren 15a izango dute horretarako azken eguna. Ekitaldiaren webgunean (https://bermeotunaworldcapital.org/innovathon/) sartuta eman beharko dute izena.
Ignacio Serrats Bermeoko Tuna World Capital elkarteko presidentearen esanetan, lehiaketan parte hartzeko ez da aldez aurreko ezagutzarik behar: “Itsasoarekiko zaletasun handia duten pertsonak bilatzen ditugu, ozeanoen eta planetaren garapen jasangarriari laguntzeko. Guk adituak eta aholkulariak jarriko ditugu eta horiek parte-hartzaileak gidatzeko lanak egingo dituzte; webguneak, bibliografia eta networking kanalak eskainiko ditugu”.
“Ozeanoak, itsasoak eta itsas baliabideak modu iraunkorrean kontserbatzea eta erabiltzea Nazio Batuen agendak ezarritako Garapen Iraunkorreko Helburuetako (GIH) bat da. Baina, helburu hori errealitate bihurtu dadin, funtsezkoa da arrantza sektoreak dituen erronkei erantzungo dieten irtenbide berritzaileak sortzea”, diote.
Atunaren arrantzaren kasuan, diotenez, erronka honakoa da: Sektoreko industria 360 gradutan iraunkortasunaren inguruan lerrokatzea, legez kanpoko arrantzaren eta gehiegizko arrantzaren aurka borrokatzea, itsas hondakinen kudeaketa hobetzea eta klima aldaketak industrian dituen ondorioak ebaluatzea.
Lau erronka. Testuinguru horretan antolatu dute Innovathon Bermeo lehiaketa, «sektore honetako berrikuntza-maratoi birtualik handiena». Lehiaketaren helburua da atunaren arrantzaren sektorerako irtenbide berrritzaileak aurkitzea eta GIHak betetzen laguntzeko irtenbide teknologiko, sortzaile eta bideragarriak garatzea.
Lau erronka edukiko ditu sarean egingo duten 24 orduko maratoiak, eta parte hartzaileek lau erronketako bati erantzun beharko diote 15.000 euro baino gehiagoko balioa duen saria eskuratzeko. Hurrengoak izango dira galderak: Nola hobetu daitezke kontrol, jarraipen eta trazabilitate mekanismoak atunaren arrantzan legez kanpoko jardunbideak amaitzeko?; Nola eman dakioke kontsumitzaileari atunaren jatorriari buruzko informazio gardena, argia eta erraz eskuratzeko modukoa, balio handiagoa emanez eta erosteko erabakia hartzen lagunduz?; Nola murriztu daiteke nahi ez diren espezieak harrapatzea eta kalterik gabe askatzea?; Eta nola kudea daiteke arrantza-aparailuek sortutako kutsadura, materialak hobetuz eta/edo horien erabilera optimizatuz eta maximizatuz?
Atunaren industrian maratoitik ateratako ideiak ezarri ahal izatea da helburua. Hori dela eta, antolatzaileek plataforma bat eta behar diren baliabideak emango dituzte. Lehiaketa amaitzean talde parte hartzaileek laguntza edukiko dute eta lortutako negozio-eredu berriak praktikan jartzen lagunduko du BTWCek, “jasangarritasuna sustatzen duten produktu eta zerbitzu berriak sortzeko”.