Pilotari gernikarra "eroso" aritu zen, eta hasieratik partiduan "oso serio" sartu zirela eta partidu "borobila" egin zutela azpimarratu du.
Espinar-Agirre, Ruiz de Infante-Arrillaga, Arrizabalaga-Gentzane Aldai eta Amaia Aldai-Orbegozo bikoteek jokatuko dituzte Binakako Master Laboral Kutxa Txapelketako finalerdiak, abenduaren 6an. Oraindik ez dute lekua erabaki, baina Bizkaian lehiatu gura dituzte, eta baieztatu dute Euskal Telebistak zuzenean emango dituela.
“Egoerak, inoiz baino gehiago, malguak izatera behartzen gaitu eta, arazoak arazo, Binakako Master Laboral Kutxa Txapelketako lehen partidak jokatu ahal izan dira asteburu honetan”, azaldu dute antolatzaileek.
Konfinamenduak, positiboak eta lesioek –Ane Urkizu eta Nora Mendizabalek ezin izan dute jokatu– ez dute ezer lagundu, baina oztopoek ez zituen antolatzaileak kikildu. Zapatuan, Guardian bi partida oso borrokatu eta polit eskaini zituzten lehiatzeko gogo biziz zeuden A taldeko pilotariek. Lehenengoan, Patri Espinar eta Naroa Agirrek 22-18 irabazi zieten Andrea Aldaregiari eta Olatz Ruiz de Larramendiri lehia ikusgarri batean. “Zirrarak azken unera arte iraun zuen eta azkenerako, Usansoloko aurrelariak material mota guztiekin bikain molda daitekeela erakutsi zuen”, zehaztu dute antolatzaileek.
Bigarren partidan, Aldairi Urkizuren lekua betetzea tokatu zitzation, eta ederto lagundu zion maila bikainean ari den Arrizabalagari. Iera Agirre eta Arrate Bergara saiatu ziren partidari eusten, baino amore eman behar izan zuten, eta 22-15 amaitu zen neurketa.
Gernikarra bikain egokitu da pilota mistora, eta zapatuan ere gustura aritu zen: “Gentzanegaz jokatzea gozamena da niretzat. Normalean beragaz entrenatzen dut, eta aurretik ere asko jokatu dut beragaz. Partiduan eroso aurkitu nintzen”. Hasieratik partiduan “oso serio” sartu zirela eta partidu “borobila” egin zutela azpimarratu du: “Bagenekin gure lana egin behar genuela irabazteko. Niri gauzak irten zitzaizkidan aurrean, eta Gentzanek ia ez zuen ezertan huts egin”. Arrizabalagaren ustez, hasirako jokaldiak giltzarriak izan ziren: “Hasieran egon zen gakoa. Agian, eurak apur bat hotz hasi ziren, partiduan sartu barik. Hor tartea hartu genuen eta aurrera joan ginen. Baina, amaierako zatian gauzak gogor jarri zizkiguten. Iera aurrean tantoak egiten hasi zen, partiduan sartu zen. Uste dut halako partiduak egiten baditugu, aurkari gogorrak garela”.
Bestalde, atzo Legution jokatu zituzten B taldeko bi partiduak. Gentzane Aldairi bere titular postua defendatzea tokatu zitzaion, eta Leire Garai aurrean zuela, ezin izan zuen bezperako maila berdindu. Ainhoa Ruiz de Infante eta Miriam Arrillagak oso bikote sendoa osatu dute, eta hasiera hasieratik hartu zuten partiduaren aginte makila (22-8). Ruiz de Infantek min handia egin zuen sakez, guztira sei tato lortu zituen jokaldi horrekin, gehienak hasieran, eta Garaik eta Aldaik ez zuten markagailuan atzetik jokatzen jakin.
Oso bestelakoa izan zen bigarren neurketa. Amaia Aldaik eta Oihana Orbegozok asko sufritu zuten Miren Larrarte eta Arrate Bergarari 22-20 gailentzeko. Lehiak amaiera bitxia izan zuen; gorriak 21-16 aurreratu baziren ere, Larrarte eta Bergara markagailua 21ean berdintzeko gertu izan ziren. Azken tanto horretan, epaileak ontzat eman zuen Amaia Aldaik eraman zuen zalantzazko pilota bat eta Dimakoak berak amaitu zuen partidua nahasmenaren erdian.
Finalaurrekoa. Arrizabalagak eta Gentzane Aldaik Amaia Aldairen eta Orbegozoren kontra lehiatuko dute finalerdia. “Atzo eurek zelan jokatu zuten ikusita, aurkari gogorrak dira. Oihana Orbegozok harritu gaitu, atzokoa bere lehen partidua izan da pilota mistoagaz, eta oso ondo ibili zen. Eta Amaiaren kontra partidu asko jokatu ditut, besteak beste, Plazandreak-eko finala. Uste dut joko maila oso antzekoa daukagula”, azaldu du Arrizabalagak. Urduritasunak albo batera utzi, eta zentratuta, lasai jokatzea giltzarria izango dela uste du: “Finalaurrekoa izanda, eta telebistaz emanda, urduritasunak asko egiten du”.