Garaipen bat baino askoz gehiago
Lointek Gernika Bizkaiak 77-74 irabazi dio Movistar Estudiantes aurkari zuzenari. Asteburu honetan ez daukate ligako partidurik. Hurrengo jardunaldian, talde gernikarraren eta IDK Euskotren talde gipuzkoarraren arteko euskal derbia egongo da Emakumezkoen Ligan.
Mario Lopez entrenatzaile gernikarrak esan modura, Movistar Estudiantesen kontrako partidua “egutegian gorriz markatuta” zeukaten, eta beraz, garaipen oso garrantzitsua da bariku gauean Malosten lortutakoa (77-74). Aurkari zuzenak egon ziren aurrez aurre. Emakumezkoen Ligaren sailkapenean bosgarrena da Madrilgo taldea, eta seigarrena Lointek (biak ala biak 16 puntugaz). “Saskibaloian oso ondo jokatzen ari den taldea da, eta gaur ere hori ikusi da Malosten. Hil ala biziko partidua zen sentsazio onekin segitzeko eta taldea hazten ari dela egiaztatzeko. Bagenekin Movistarrek ondo lehiatzen dakiela, eta baloi bakar bat ere ez duela galdutzat ematen”. Azken jardunaldietan talde “erregularra” izatea lortu dutela nabarmendu zuen.
Itziar Ariztimuño Lointekeko jokalari bilbotarraren berbetan, partidu “oso lehiakorra eta gogorra” izan zen: “Sailkapenean parean edukiko dugun taldea da, eta kopako helbururako aurkari zuzena da”. Egindako lanagaz pozik zeudela esan zuen, eta defentsan zein erasoan bizi aritu zirela, “batik bat bigarren zatian”. Ariztimuñok Emakumezkoen Ligan 100 partidu bete zituen: “Oso berezia izan da, eta oso pozik nago. Lan askogaz bete dut gorengo mailan jokatzeko ametsa, eta oraindik ikasteko asko daukat. Gogotsu nago”.
Partidu ikusgarria izateko osagai guztiak zituen, eta hasierak uste hori berretsi zuen. Jokoan asko zegoela erakutsi zuen bi taldeek ezarritako intentsitateak. Esaterako, Leslie Knight talde madrildarraren jokalari beteranoak kantxan zertarako gai den erakutsi zuen. Lointeketik Nogaye Lo mallorkarra nabarmendu zen. 16-11ko markagailuagaz partidua geratu zuen Estudiantesek, eta jarraian, 2-8ko partziala egin zuen. Beraz, puntu bakarreko aldeagaz sartu ziren bigarren laurdenean (18-19). Estudianteseko Arica Carter estatubatuarra kantxaratu, eta kolore guztietako jaurtiketak saskiratu zituen. Etxeko taldea barruko jokoaren bila aritu zen, eta zeregin horretan, Nadia Colhado defentsan zein erasoan bere “pibot menperatzailearen” izaera hartzen joan zen, apurka-apurka.
Partidua erabat parekatuta zegoen, eta aurreikusi modura, errebotea giltzarria zen. 33-31 amaitu zuten lehen zaita. Atsedenaldira arte defentsako errebotean arazoak eduki zituen etxeko taldeak. “Bat baten kontrako jokaldietan ere arazoak izan ditugu, eta agian, erasoan arintasuna falta izan zaigu. Atsedenaldiaren ondoren, uste dut taldeak pauso bat aurrera eman duela, batik bat defentsan. Eta erasoan gehiago asmatu dugu”, azaldu zuen Lopezek.
Bigarren laurdena amaitu zuten moduan hasi zuten hirugarrena. Knight bere maisutasuna erakutsiz aritu zen, baina Lointekeko Marge Roundtree ez zen atzean geratu. Azken asteoetako belauneko arazoak gaindituta zituela ikusi zen kantxan. Baina, izar denen artean, batik bat Lointekeko Angie Bjorklund estatubatuarraren izpiek argitu zuten Maloste. Arduratuta zeuden bi entrenatzaileak, eta partzial txikienengatik ere hutsarteak eskatu zituzten. Bjorklund eta Milica Ivanovicen hiruko banagaz, bederatzi puntu goitik jarri zen Lointek. Horixe izan zen partiduko errentarik handiena.
Sei puntuko aldeagaz hasi zuten azken laurdena (56-50). Garaipen soil bat baino gehiago zegoen jokoan, eta amaiera zirraragarria eduki zuen neurketak. Roso Buch katalanak gidatu zituen etxekoak, eta Movistarreko Carterregaz lehia estua eduki zuen. Euren bertuteak muturreraino eroan zituzten, ikusleak jarlekuetatik altxaraziz. Beste behin, zaleak Lointekeko seigarren jokalaria izan ziren.
Marea granatea. Eusko Jaurlaritzak ezarritako neurrien ondorioz, gutxienez hilabete batez publiko barik lehiatuko dituzte etxeko partiduak. Barikuan, baina, marea granatearen parte bat egon zen Malosten. Aforo mugatua izan arren, zaleen bultzada “giltzarria” izan zela azpimarratu zuen Lopezek: “Faltan botako dugu. Maloste beteta egon ezin izan bada ere, inoiz baino gehiago entzun dira. Azken jokaldietan ezinbesteko laguntza izan dira. Taldea airean eroan dute beste behin. Ea dena normaltasunera bueltatzen den, eta afizioaren berotasunagaz gozatu ahal dugun”.
Derbia. Ligako partidurik ez dago egongo asteburu honetan, eta Lointek Gernika Bizkaiak IDK Euskotrenen kontra lehiatuko du hurrengo jardunaldia. Azaroaren 19an [eguena] jokatuko dute euskal derbia, Donostian.