Autismoa daukatenentzako zentroa egingo dute Gernika-Lumon
Garuneko gaitza edo urritasun neurologikoa duten pertsonei arreta ematen zien zentroan kokatuko dute. Eskualdeko hiru erabiltzaileei aukera eman diete geratzeko.
Gizarte Ekintzako diputatu Sergio Murillok Bizkaiko Batzar Nagusietan egin duen agerraldian iragarri du Bizkaiko Foru Aldundiak autismoa daukatenentzako zentro berria egingo duela Gernika-Lumon. Hain zuzen ere, garuneko gaitza edo urritasun neurologikoa duten pertsonei eguneko arreta ematen zien Lurgorri Eguneko Zentroan kokatuko dutela azaldu du.
Batzar Nagusietako EH Bildu taldeak eskatuta egindako agerraldian eman zuen horren barri Murillok, herenegun. Aipatu eskaeran, Lurgorriko zentroa “ezustean eta aurretik jakinarazi barik” zarratu izanari buruzko informazioa eskatu zuten EH Bildukoek. Izan ere, Busturialdeko eta inguruetako hamabost erabiltzaile “kalean utzi” dituztela salatu zuten irailean Lurgorri Eguneko Zentroko erabiltzaileek. Pandemiagatik ateak zarratu zituen martxoan zentroak, eta gerora ez dute gehiago zabaldu.
Lurgorriko zentroa zarratzeari dagokionez, Murillok esan du zentroak “lurraldeko leku askotatik bertaratutako profil anitzeko personei” ematen ziola zerbitzua: “Persona horiek kasu batzuetan 90 minutuko bidaia egin behar zuten”. Gaineratu du Gizarte Ekintzako Sailetik diagnostiko bat egin dutela, eta “alternatiba hobeak eta gertuagokoak” daudela ikusi dutela. Hori dela eta, dioenez, erabiltzaileek eguneko beste zentro batzuetan jaso ahalko dute laguntza: “Abuztuaren amaieran gertuago zegoen, eta euren beharretarako egokia zen zentroa proposatu genien erabiltzaileei eta familiei”. Murilloren ustez, “banan-banako erantzunak, egokituagoak eta gertuagokoak sarea eraldatzea eskatzen du”.
Zerbitzu berriari buruz adierazi du zentroak erantzuna emango diela Busturialdean autismoaren espektroko nahasmenduak dituzten pertsonei, bai eta haren familiei ere.
EH Bildu taldeko ordezko bozeramaile Izaskun Duke “harrituta” agertu zen Gizarte Ekintzako diputatuak esandakoagaz: “Diagnostikoa 2017an egin zen, eta erabakia 2020an hartu da, COVID-19aren ondoriozko osasun krisiak guztiz baldintzatutako testuinguruan. Zaila egiten zaigu sinistea erabakia erabiltzaileengan pentsatuta hartu dela”.
Eneritz de Madariaga Elkarrekin Bizkaia taldeko bozeramailearen iritziz, Lurgorri zentroa «azpikeriaz eta gauez eginda» zarratu dute. Gainera, erabiltzaileen lekualdaketak «behar besteko aurrerapenagaz» landu behar direla defendatu du.
Azkenik, Eduardo Andrade (Talde Berezia/PP Bizkaia), Ana Berta Campo (Euskal Sozialistak) eta Asier Lopez de la Fuente (Euzko Abertzaleak) bat etorri dira diputatuak eman dituen azalpenekin.
Aukerak aztertuko dituzte. Albistearen berri bezperan izan dutela esan du Lurgorri Eguneko Zentroan arreba zeukan Josu Zabalbeaskoak: “Zentroa berriro zabaltzeko mugitzen hasi ginenean, Murillogaz batzeko aukera eman ziguten. Ez ziguten argi esan zein izango zen erabilera, baina argi zeukaten beste erabilera bat izango zuela. Euren argudioa zen eskualdeko beharrizanak asetzeko zentro bat izango zela. Hamabost lekuak mantenduko zirela esan ziguten, eta Busturialdeko hiru erabiltzaileentzako lekua egongo zela. Eskualdeko beharrizanak betetzen baziren, ondo ikusten genuen, baina erabilera berria zein izango zen argitu barik”.
Zabalbeaskoaren arreba zazpi hilabete etxean egon ostean, orain dela bi aste hasi zen Bilboko zentro batean, etxean egonda “aurrera barik atzera” egiten dutelako. “Pozik” dagoela dio.
Zabalbeaskoak dio aukera eman dietela zentroan jarraitzeko, baina ez dauka argi “bateragarriak” diren: “Ez daukagu argi guretzako aukera hoberena izango den. Antza denez, APNABIK kudeatuko du Gernikako zentroa. Erabaki bat hartu aurretik, euren zentro bat ikusteko aukera eman digute. Foruko beste bi erabiltzaileei Gernikako Gorabide Zentrora joateko aukera ere eman diete, baina ez daude ados, ez daukalako zerikusirik gauza batek besteagaz”.
Lurgorriko zentroa “oso ondo zegoela” dio: “Fisioteraupeuta zeukaten, logopeda bat… profesional desberdinak zeuden jendearen beharrizanak asetzeko. Mota honetako bi zentro zeuden Bilbon eta Gernika-Lumon, orain bakarra geratzen da”.
Aldundiak, hala ere, “indar handia” duela uste du, eta euren erabakiaren aurka egitea “zaila” dela dio; “ez gara kolektibo handia”. Hala ere, dioenez, aldundiaren konpromisoa zen aipatu zentroa desgaitasunen bat daukaten pertsonen erabilerarako izatea: “Gutxienez, horretarako mantenduko dute, bertokoen erabilerarako”.
Jose Mari Gorroño Gernika-Lumoko alkateagaz ere berba egin duela esan du Zabalbeaskoak, lokala eurena delako: “Osoko bilkura batean landu zen gaia. Han onartu zuten eskaera bat egingo ziotela Gizarte Ekintzako diputatuari zentroa berriro zabaltzeko, lehengo baldintzetan. Gero, hala ere, alkateak ez dit ezer gehiago aurreratu, ezer ez zekielakoan”.
Orain, ikusi eta aztertu egin beharko dute euren beharrizanak asetzeko gai izango diren Lurgorri Eguneko Zentro berri horretan; hala bada, geratzeko prest agertu dira.