Herri kirolen saltsan murgilduta
Lasto botatzean lau urtez jarraian jantzi du Bizkaiko txapela Piratak Herri Kirol Klubeko Beñat Obieta arratzuarrak. Plazaz plaza gustura aritzen direla dio.
Hamabi urtetatik herri kirolen saltsan murgilduta dago Arratzuko Piratak Herri Kirol Klubeko Beñat Obieta gaztea. Taldekideekin erakustaldietan zein txapelketetan eskarmentua dauka.
Lau urtez jarraian, Bizkaiko Lasto Botatze Txapelketan nagusitu da 19 urteko arratzuarra. “Inongo tranparik edo sekreturik” ez dagoela uste du: “Konstantzia mantentzea da garrantzitsua, eta indarra baino gehiago, teknika mantentzen jakitea. Entrenatzen duenak eta zer egin behar den dakienak diferentzia lortzen du. Txapelketa artean, batzuetan utzi egin izan dut, beste probaren batean zentratzeko. Beraz, ez ahaztea ere funtsezkoa da; lehendik dakizuna mantentzea, gero hobetzen joateko. Zuk zure buruari baietz esatea, eta norbere buruari helburu txikiak jartzen joatea giltzarria da”.
Entrenamenduetako lanaren garrantzia azpimarratu du. Xalbador Erleagaren etxean entrenatzen aritzen da Gorozika auzoan: “Berak ditu materialak, eta entrenatzeko uzten dizkigu”. Bere laguntza ezinbestekoa du, eta hari esker, txapelketetarakogogor entrenatzeko aukera dauka: “Herri Kirolekin oso inplikatuta dago, eta ez du guk uzterik gura”.Taldeko gehienak arratzuarrak dira, eta Erleaga dute maisu. Azken urteetan taldea sendotu, eta herri kiroletan lekua egin du klubak.
Obieta orain dela zazpi bat urte sartu zen herri kirolen munduan, «probatzeko asmoagaz», eta duela bost bat urte parte hartu zuen lehenengoz txapelketa batean. “Orain arte gazte mailan parte hartu izan dut txapelketetan, baina lasto botatzean gazteena ez denez egon, hasieratik nagusiekin aritu naiz”. Txokor batzean aurtengo urtera arte gazteekin lehiatu da, eta aurten nagusien kategorian estreinatu da. Ingude altxatzean txapelketa bakarra lehiatu du momentuz. “Normalean hiru horietan aritzen naiz. Uda honetan lastoa tripodeagaz altxatzen probatzen ibili naiz apur bat, baina oso gaitza da. Hasieratik lasto botatzean zentratu naiz, teknika harrapatzen. Txapelketetan 12 kiloko zakua botatzen da. 3 kilokoagaz hasi eta 5ekora pasatu nintzen, gero 7kora, gero 10ekora eta orain, 12koagaz konstantzia aput bat hartu dut”. Azaldu duenez, herri kirolari bakoitzak normalean hiru bat modalitate hartzen ditu, “inor ez kargatzeko”.
Bizkaiko Herri Kirol Liga
Erakustaldietan ez ezik, txapelketetan ere aritzen dira Arratzuko Piratak Herri Kirol Klubekoak, taldekako lehietan.
Iazko abenduan, esaterako, Bizkaiko Herri Kirol Ligako finala lehiatu zuten Arratzuko frontoian, eta txapeldun geratu ziren Bermeoko Lasuen Herri Kirol Taldearen kontra. Proba hauek egin zituzten: lokotxak, zaku eramateak, lasto altxatzeak, ingudea, trontza, aizkora, txingak eta harri jasotze lanak. “Ingudearen proba egin nuen nik. Goian eta behean 50 kolpe eman behar izaten dira. Kanporaketetan euren denborak hobeak izan ziren, eta ez genuen pentsatzen irabazterik, baina finalean gu hobeak izan ginen, eta oso pozik geratu ginen”.
Aurten Bizkaiko Herri Kirolen Ligan finala bakarrik jokatuko dute, egoerak baimentzen baldin badie, behintzat. “Orain arte, kanporaketak jokatzen genituen hainbat plazatan, eta denborarik onenak egiten zituztenak sailkatzen ziren finalera, aurten, daukagun egoeragatik finala bakarrik egitea pentsatu dute. Normalean, bost bat talde egoten gara, eta aurten hiru talde aurkeztu gara: Getxokoak, Mallabikoak eta gu”. Abenduaren lehenengo asburuan egitea aurreikusita dago, baina lekua zehaztu barik daukate momentuz.
Hain zuzen ere, pandemiak baldintzatutako denboraldi honetan, Bizkaiko txapelketa batzuk jokatu dituzte, beste batzuk bertan behera geratu dira, eta Euskadiko datarik ez daukatela zehaztu du arratzuarrak.
Herriz herri
Piratak Herri Kirol Taldea ezaguna da eskualdean. Aurten ezinezkoa izan badute ere, bertako kideek erakustaldiak ematen dituzte herririk herri. Obietak dioenez, ordubete eta erdiko saioak egiten dituzte: “Gustura aritzen gara, eta polito egoten da”.
Taldekideen arteko giroa nabarmendu du. Familia txiki bat dira. “Herri kiroletako kiroletan ari garenok ez ditugu hartzen bizitza irabazteko kirol moduan. Gure kasuan, herrikoak edo inguruko herrietakoak gara denok, eta lagun artean, elkarregaz egoteko, goiz edo egun pasa egoteko aitzakia da guretzat”. Nabarmendu du taldekideen arteko giro on hori dela berak herri kirolen munduan segitzeko arrazoi nagusietako bat.
Herri kirolak euskal tradizioaren parte dira, eta antzinako gauzekin lotzen dituzte askok. Baina plazetan gazteak halako probetan ikustea ohikoa bihurtu da azken urteetan: “Taldeetan, orokorrean, gazteria eta neskak sartzen ahalegintzen dira. 21 urtetik beherakoentzako eta emakumeentzako legedi berezi bat dago. Pisu gutxiago, kolpe gutxiago… halako baldintzak daude. Emakume gutxiago ikusten direnez, zelanbait bultzatzeko ahalegina egiten da. Adibidez, txingen kasuan, gizonezkoetan, ofizialak 50 kilokoak dira, eta emakumezkoetan 25 kilokoak dira… Zaku eroatean ere horrela da, gizonena 80 kilokoa da eta emakumeena 40 kilokoa. Orokorrean, ez dira horrenbeste emakume ikusten, baina plazan ikustera ohituta gauden batzuk badaude. Gure taldean ere badaude, Naroa gazte mailan eta emakumeen kategorian aritzen da, eta Iraide bere ama ere lehiatzen da. Egia da oraindik gehiago egin ahalko zela, lekua irabazteko badaukate”.