Saihesbidea herriguneagaz lotzeko bidegurutzean lanak hasiko dituzte
Zirkulazioa zuzentzeko aukerak aztertu ostean, semaforo sare sistema berria jartzea erabaki du Bermeoko Udalak.
Bermeoko Udalak jakitera eman duenez, datozen asteetan “lan garrantzitsuak” egingo dituzte. Izan ere, herriko sei kaleen (Tellaetxe tar Josu, Erreinezubi, Askatasun Bidea, Artike Bidea, Almika Bidea eta Ander Deuna kalea) eta saihesbidearen arteko zirkulazioa antolatzeko bidegurutzearen obrak hasiko dituzte berehala. Lanak zortzi astean amaituta egotea aurreikusi dute.
Behar horiek egiteko inbertsioa «handia» izango dela azaldu du udalak, 253.582,27 eurokoa BEZ barne. Hala eta guztiz ere, “behar-beharrezkoak” direla diote “segurtasuna bermatzeko, zirkulazioa berrantolatzeko eta herritarren bizi kalitatea hobetzeko”.
Udal arduradunek azaldu dutenez, helburua bidegurutzea modu seguruan antolatzea da: “Gune hau saihesbidetik herrigunerako sarrera-irteera berri bat izango dela kontuan hartuz eta zirkulazioa zuzentzeko hainbat aukera aztertu ostean, semaforo sare sistema berria jartzea erabaki da”. Semaforo sare berria jartzeaz gain, Erreinezubi kalea eta bidegurutzea bera asfaltatuko dituzte. Beste hainbat lan ere egingo dituztela azaldu dute: Ura bideratzeko kainu-zuloak eta sareta berriak jarriko dituzte, zenbait espaloitan hobekuntza lanak egingo dituzte, edukiontzi eta zerbitzu guneak (zamalanetarako guneak eta au- tobus geltokia adibidez) berrantolatuko dituzte, eta seinale be tikal berriak jarriko dituzte, lurrean ere seinaleak margotzeaz gain.
Zirkulazioa berrantolatu. Bermeoko saihesbidea eta herriko erdialdea “modu egoki” batean lotzeko, hirugarren sarrera bat egitea aurreikusi zela gogora ekarri dute. Lotura hori lortzeko, Tellaetxe tar Josu kalea luzatzeko lanak egiten ibili dira azken hilabeteetan.
Obra horiei esker, herriko zeharkaleetatik ibili barik, Bermeora sartzeko edo handik irteteko aukera edukiko dute herritarrek. Modu horretan, herriko erdiguneko zirkulazioa ere “arindu” egingo dela uste dute. Sarrera berri hori egiteak aipatu sei kaleen arteko bidegurutzea antolatzea ekarri du, eta hori da, hain zuzen ere, asteotan egingo dutena. Gainera, aurrerantzean, herriko hainbat kaleetako zirkulazioa berrantolatu beharko dela aurreratu dute.
Bermeoko Udal Gobernuak esan du helburu estrategikoetako batean “aurrerapauso garrantzitsu” bat ematea lortu duela: “Lan hauei esker, herriko irisgarritasuna nabarmen hobetuko da, herritarren bizi kalitatea ho- betuz”.