Kalitatezko osasun publikoaren aldeko deia kalera atera dute beste behin
Sindikatu guztiek azaroaren 12rako Bizkaian deitutako grebaren atarian, Osakidetzako langileek kontzentrazioak egin dituzte. Herritarren babesa jaso dute osasun publikoko langileek.
Osasun publikoak dituen “egiturazko gabezi larrien aurrean”, sindikatu guztiek Osakidetzan greba deialdia egin dute, kalitatezko osasun publikoa aldarrikatzeko eta Osasun Sailari eta Osakidetzari egindako eskariak azaleratzeko. Izan ere, salatu dute arazo eta gabeziak “arintzeko neurririk” ez dutela hartu osasun arloko agintariek. Urriaren 29an egin zuten greba Araban, gaur Gipuzkoan eta azaroaren 12an egingo dute Bizkaian.
Horren arira, sindikatuen deialdiari erantzunez, Arabako eta Bizkaiko ospitaleetan gaur goizean eta Lehen Arretako osasun zentroetan eguerdian batu dira osasun langileak protesta egiteko.
Esaterako, Gernika-Lumoko ospitale aurrean mediku, erizain, auxiliar eta larrialdietako anbulantzietako langileak egon dira. Agintariek berehala neurriak hartzeko eta bizi duten “prekarietatearen” aurrean, akordio berri baterako “negoziaketak” eskatu dituzte. “Ordua da konponbideak jartzeko. Esaten duten dena gezurra da. Eusten gabiltza, baina egoerak horrela segitzen badu, bertan behera joango da. Perspektibak oso txarrak dira”.
Ospitaleetan “gero eta txarrago” dabiltzala esan dute: “Jendea nekatzen hasi da. Prekarizazioa itzela da. Kontratuak oso denbora gutxikoak dira. Materialei dagokienez, esan liteke zerbait egiten ari direla. Baina, kontua da Osakidetzan egiturazko hainbeste lanpostu sortu behar direla. Arazoa ez da konpontzen 2.000 edo 3.000 langilegaz, 10.000-15.000 izan behar dira. Kalitatezko osasun publiko bat nahi badugu, dirua inbertitu behar dute. Ez dago besterik. Lan baldintzak asko hobetu behar dira. Hainbeste urte gabiltza aldarrikapen hauekin, eta hau ez doa aurrera. Atzerapauso itzelak egon dira”.
Arratsaldean, berriz, Osasungintza publikoa defendatu! lelopean herritarrek babesa erakutsi diete. Busturialdeari dagokionez, Bermeon eta Gernika-Lumon egin dituzte elkarretaratzeak. Herritarrekin batera, hainbat eragilek egin dute bat deialdiagaz. Horien artean egon dira, besteak beste, pentsiodunen elkartearen eta Gernikako ospitala oheekin orain plataformaren ordezkariak. Azken horiek, Gernika-Lumoko Ospitaleko 3. solairuan oheak jartzearen beharra nabarmendu dute beste behin: “COVID-19agatik gero eta ospitaleratze gehiago daude, eta egoera kritikoa bizi badugu ere, 3. solairuak hutsik jarraitzen du”.