Bermeoko erakusleiho lehiaketak 7.000 euro banatuko ditu saritan
Parte hartzeko asmoa daukaten komertzioek azaroaren 11 daukate izena emateko azken eguna.
Bermeoko erakusleiho lehiaketa antolatu dute hirugarren urtez. Bermeoko Udalak antolatzen du lehiaketa Bermeo Tuna World Capitalekin batera. Aurten, sari “bikainak” banatu dituztela azaldu dute antolatzaileek. Denetara, lehiaketak 7.000 euro banatuko ditu saritan.
Bermeoko udal arduradunek azaldu legez, kanpoaldera ematen duen erakusleihoren bat daukaten Bermeoko komertzioek parte hartu ahal izango dute lehiaketan. Parte hartzeko asmoa daukaten komertzioek azaroaren 11ra arte daukate izena emateko aukera. Horretarako, Berhaz bulegora hurbilduko beharko dira eta dokumentazioa aurkeztu.
Erakusleihoen lehiaketak herriko saltokiak indartzeko eta herrian kontsumoa suspertzeko helburua dauka eta Nik, BermeON kanpainaren barruan garatuko dela diote. Apaingarrien gai nagusia Gabonak badira ere, aurten, Bermeoko nortasuna eta izaeragaz lotutako erakusleihoak prestatu beharko dituzte saltzaileek.
Sariak honakoak izango dira:
- Erakusleiho onenari saria, Bermeo Tuna World Capital elkarteak aukeratua: 3.000 euro.
- Erakusleiho onenari saria, epaimahaiaren bozketa: 2.000 euro.
- Erakusleiho onenari saria, herritarren bozketa: 1.000 euro.
- Herritarren parte hartzea saritzeko lau sari egongo dira, bakoitza 250 eurokoa.
Lehiaketak, aurten, Bermeo Tuna World Capital elkartearen laguntza dauka. Hala, elkarteak sari berezi bat emango dio hegaluzea zein hegalaburra eta arrantza jasangarria nabarmentzen duen erakusleihorik onenari. Horrez gain, jasangarritasunarekiko sentsibilitatea erakustea ere kontuan edukiko dutela azaldu dute.
Bermeoko Udalak lehiaketan parte hartzeko deia luzatzen die herriko komertzio guztiei eta herritarrak bertoko dendetan erosketak egitera animatzen ditu.
Iaz, herriko 38 saltokik parte hartu zuten lehiaketan. Emakumeentzako eta gizonentzako arropak saltzen dituen Maiz denda eta Neskutz ile-apaindegia izan ziren iaz Bermeoko Gabonetako erakusleiho lehiaketako irabazleak. Maiz arropa dendak epaimahaiaren saria jaso zuen, Neskutz ile-apaindegiak, berriz, herritarrena. Bakoitzak 250 euroko saria jaso zuen.
Bestalde, Aitziber Maguregi izan zen herritarrei zuzendutako zozketa irabazi zuena. Maguregik 500 euroko saria jaso zuen lehiaketan parte hartu zuten establezimenduetan gastatzeko.