Betirako igartu ez dadin
Piperraren etorkizunari irtenbidea emateko proiektua garatu dute bost ekoizlek: Gernika Gorria. Piper gorria landu, eta haiekin egindako hiru produktu sortu dituzte. Oroigarri turistikoa izatea ere bada asmoa.
Plazako salmentak beherantz doaz, kontsumo ohiturak aldatu egin dira eta gero eta gutxiago dira jatekoa prestatzen dutenak; merkatal gune handietan aurrez kozinatutako jatekoak erosten ditu jendeak». Gernika Gorria proiektu kooperatiboa sortu dute bost ekoizlek, Gernikako piperra gorritan landuko dutenak: Jabi Ubierna (Munitibar), Loren Ortiz (Arrieta), Unai Kintana (Mendata) eta Ainhoa Iturbe eta Alex Zubia (Ajangiz). Gernika-Lumoko piper gorria –txorizeroa ere esaten zaio– landuz eta eraldatuz, proiektu berritzailea dakarte.
Gernikako plazan ‘produktu izarra’ den piperraren salmenta asko gutxitu dela ohartu dira, bai berdearena zein gorriarena. Horregatik, zerbait egin beharra planteatu zuten ekoizleek: «piperrari beste buelta bat ematea».
Ezer berririk ez dute asmatu, eta Ipar Euskal Herriko Ezpeleta herrian egiten dutenaren eredua hartu dute oinarri. «Hango piperra ez da gurea bezalakoa» –diote–, «baina gorritan erabiltzen dute, guk txorizeroa bezala, eta unibertso oso bat sortu dute piperraren inguruan. Produktu berri asko egin dituzte».
Hala, Gernika Gorria proiektuak ere bertoko piper gorriarekin egindako produktuak ekoiztuko ditu. Kooperazio proiektu bat aurkeztu zuten Eusko Jaurlaritzan, eta fokua hiru produktutan ipini dute: piper txorizeroaren mamian, saltsa bizkaitarran eta piperrarekin egindako eta ukitu pikantea duen mermeladan, hain zuzen ere. «Azken hori planteatu genuenean jendeari dastatzera emateko zerbait eskaintzea interesgarria litzatekeela iruditu zitzaigun; hala ere, gaur egun bizi dugun egoeran hori zaila izango da».
Ajangizeko Aristieta baserrian duten eraldaketa gunean egiten dute mamia eta mermelada. Bizkaitar saltsa, berriz, Urduñan ekoizten dute.
Gernika Gorria proiektua, oraingoz, hiru produktu horietan oinarrituta dago, «baina hori abiapuntua izatea gura dugu». Piper txorizeroarekin egiteko beste edozein produktu ateratzeko aukerak zabalik dituzte, baita poriektura ekoizle gehiago batzeko aukera ere. «Piper txorizeroarena ipini dugu martxan bizi dugun egoeragatik, ez guk etekin gehiago ateratzeko», diote. Sendotzea da beraien asmoa, «baserritarrak finkatzea, daudenak iraun eta berriek laguntza izan dezaten».
Piperraren etorkizuna
Ezpeletan 20 ekoizle hasi ziren piperra lantzen, eta 200 dira gaaur egun. Gernikako piperraren ekoizleen kasuan, baina, kontrakoa gertatu da; gero eta gutxiago dira, baita labeldunak ere.
Gernika Gorria proiektuko kideek azaldu dutenez, piper berdeak irtenbide bakarra du, produktu bakarra da. «Gaur batu, eta bihar saldu behar duzu; baina guk planteatu dugu gorritan, sikutan, erabiltzea, produktuari iraupena emateko».
Hiru produkturekin hasi dute kanpaina, eta horiei irtenbidea ematea da orain asmoa. Urremedi eta Leartikerren laguntzarekin garatu dute proiektua, eta Urremendik Juntetxearen ondoan duen erakusleiho batean ipini dituzte beraien produktuak ikusgai. «Asmoa zen proiektua garatzea eta turismoari ere zerbait eskaintzea. Bertoko produktua eskaintzea,eta hemengo sinbolismo batekin, gainera».
Arlo ekonomikoan turismoari ematen zaion garrantziaz jabetuta, beraien ekarpena egin zezaketela pentsatu zuten: «Garrantzia ematen diogu jendea hona etortzeari eta bertan geratzeari. Baina ez duguna baloratzen da, Euskal Herria zerbait definitzen badu, hori dela berton oso ondo jaten delako; eta oso ondo jaten da bertoko produktua jaten delako», zehaztu dute.
Asmoa zen proiektua garatzea eta turismoari ere zerbait eskaintzea. Bertoko produktua eskaintzea,eta hemengo sinbolismo batekin, gainera”
Bertoko oroigarria. Gernika-Lumokoa den eta Gernika-Lumotik bakarrik eraman daitekeen oroigarri berezia sortzea zen asmoa, eta hortik abiatuta ekoiztu dituzte hiru produktuok. Gernika-Lumora datozen turistak oroigarriren bat erosi behar badute aukera handirik ez dute, eta horregatik animatu ziren bost ekoizleak pausoa ematera. «Pentsatu genuen souvenir gastronomikoa sortzea, bertakoa, bertako produktuekin eta munduan beste inon egiten ez dena. Gauza hobeak egingo dira, eta txarragoak. Baina hau bertokoa da, hemengoa; bizkaitar saltsa hemengoa da, eta piper txorizeroa ere hemengoa da».
Produktuak salgai ipiniko dituzte. Oraingoz, astelehenero, merkatu plazan erosi ahal izango dira piper gorriarekin ekoiztutako mermelada, mamia eta bizkaitar saltsa. Gerora begira, salmenta herriko beste puntu batzuetara zabaltzea aztertzen ari dira. Webgunea ere egokitzen ari dira: www.gernikagorria.eus. Horrez gain, baserritikgernikara.eus atarian ere salgai ipiniko dituzte produktuak, eta hileko lehenengo domeketan Arrietan egiten duten azokan ere izango dute salmenta puntua.
Etxekoei eskerrak. Proiektu hau garatu duten ekoizleek etxean jaso duten laguntza ere eskertu gura izan dute. «Gurasoek irakatsi digute bertokoa baloratzen: kultura, zaporeak, sukaldaritza… Ekoizpenarekin ere lagundu digute, eta Bizkaiko saltsaren errezeta beraiengandik jaso dugu». Horregatik, gogoan eduki gura izan dute Rosario Berriozabal, Carmen Suberbiola, Patxi Iturbe, Joaquin Ortiz eta Mari Guerrak eskaini dieten prestutasuna.