Mundura begira dauden 30 lehio
Argizaiola 2019 argazki lehiaketaren lanak Gernika-Lumoko Kutur Etxean ikusgai egongo dira azaroaren 26a bitartean; Aitor Arana gernikarrak irabazi zuen iaz sariketa.
Objetiboak harrapatutako paisaia, aurpegi, momentuak… zintzilikatu dituzte Gernika-Lumoko Kultur Etxearen erakusketa aretoko hormetan. Argizaiola 2019 lehiaketako lanak ekarri dituzte, eta azaroaren 26ra arte egongo dira ikusgai.
30 argazki dira erakusketa osatzen dutenak. Teknika ezberdinekin jokatuz, lan batzuk errealistagoak dira, beste batzuk abstraktuagoak. Minimalismoari keinu egiten diotenak ere badira erakusketako lanen artean.
Batez ere, kolore leunak eta ilunak dira argazkilariek lanetarako aukeratu dituztenak. Zuri-beltzak eta sepiak kolorea erakusten duten lanekin tartekatzen dira.
Ametsa errealitate bihurtuta.
Argizaiola 2019 sariketaren lan irabazlea ere ikusgai dago kultur etxean. Hain zuzen, Aitor Arana Arruti gernikarraren Ametsetan argazkia izan zen iazko irabazlea, eta sari hori irabazita amets bat errealitate bihurtu zitzaiola azaldu zuen Aranak. Berak azaldu legez, argazkian dantzari jantzita agertzen da ume bat. «Urdaibaiko paisaia oniriko bati leihotik begira ageri da neska. Ametsetan izenagaz berak dantzari izateko daukan ametsa irudikatzen edo adierazten du; ume baten ametsak sinbolizatzen ditu. Itsasoa dauka aurrean, eta etxe zahar batean egina da. Nire obsesioetako bat etxe eta leiho zaharrak dira».
Bere lana saritua izateko, Aranak dio argazkiak berak transmititzen duena hartu dutela kontuan: «Argazkilaritzan ikuspuntu asko daude: minimalismoa, paisaiak eta abar luze bat, eta nik argazkilaritza narratiboa egiten dut. Uste dut argazkiak gauzak transmititzen dituelako aukeratu dutela».
Lehen sariaz gain, bi accesit ere eman zituzten, eta Oskar Gaskonen La comunidad eta Andres Indurainen izenbururik bako lanak eskuratu zituzten. Bi horiek ere ikusgai daude kultur etxeko erakusketan.
Historia duen lehiaketa.
Argizaiola argazkilaritza lehiaketaren 40. edizioa egin dute aurten, eta Arka Devbil-en Eterna: Éxtasis izeneko argazkiak irabazi du lehenengo saria. Accesitak Iñigo Alzugaraik (Caminando entre nubes) eta Manu Barreirok (Second Class) eskuratu dituzte.
70eko hamarkada erdialdean indarra hartu zuen Euskal Herriko mugimendu fotografiko agrupazionistak eta, informazioa trukatzearen poderioz, harremanak sendotzen hasi ziren. Horrela, Ipar Euskal Herriko beste zenbat argazkizaleekin batera, 1973ean Argizaiola saria sortu zuten, Altsasuko Alaska hotelean bilduta.
Lehiaketek, baina, indarra galdu zuten garai batean, eta Argizaiola sariketan ere eragina izan zuen. Hori dela eta, zenbait urtetan ez zuten lehiaketarik antolatu. Ostean, 1995. urtean ekin zioten berriro argazkilaritza lehiaketa antolatzeari.