Jasangarritasuna ikasgeletan lantzen
Eko-Oiz elkarteak eta Gernika-Lumoko Udalak elkarlanean, garapen iraunkorra sustatzeko saio didaktikoak prestatu dituzte. Garapen jasangarriaren garrantziaz ariko dira udalerriko ikasleekin.
Klima aldaketa, garapen jasangarria, energia berriztagarriak. Asko dira munduari eta munduaren ongizateari buruz berba egitean sortzen diren hitzak. Kontsumoa “ikaragarri” hasi da azken urteetan, eta planetak “bizirik irauteko” garapen jasangarria bultzatzea ezinbestekoa dela diote adituek.
“Gure kontsumo eredua ikusita, ia-ia bi planeta behar ditugu aurrera egiteko, eta bakarra daukagu”, dio Joseba Zabala Eko-Oiz elkarteko kideak. Horrela, Gernika-Lumoko Udalagaz lankidetzan, udalerriko sei ikastetxeetako ikasleei zuzendutako saio didaktikoak eta erakusketa prestatu dituzte; martitzenean hasi ziren, eta azaroaren 6ra bitartean ikastetxez ikastetxe emango dituzte saioak. Allende Salazar Herri Ikastetxetik, Gernikako Institututik, Barrutialdetik, Seber Altubetik, San Fidel Ikastolatik eta Mertzede Ikastetxetik igaroko dira Eko-Oizekoak, eta 700 gazte ingururi saio didaktikoak eskainiko dizkiete. Hain zuzen, 12 eta 16 urte bitarteko ikasleekin egongo dira.
“Birziklatu, berrerabili eta berriro ere erabili. Hori da egin behar dena”
Saioek garapen iraunkorra bultzatzea dute helburu, eta horretarako, Garapen Iraunkorrari buruz 2017an NBEko estatu kideek onartutako Garapen Iraunkorrerako Helburuak izango dituzte oinarri. Hamazazpi dira zehaztutako helburuak; pobrezia desagerraraztea, planeta babestea eta pertsona guztiei oparotasuna bermatzea bilatzen dute NBEko estatuek. Iraunkortasunaren aldagaia txertatu gura dute giza garapenean.
Gaur egun, garapen jasangarritasunari buruzko inormazioa ezagutaraztea «inoiz baino garrantzitsuagoa» dela uste du Zabalak: “Birziklatu, berrerabili eta berriro ere erabili. Hori da egin behar dena. Hurbileko baserrietako produktuak jan behar dira, eta garraio jasangarria erabili: ikastolara oinez joatea posiblea bada, hori egin behar da”.
NBEko estatu kideek onartutako hamazazpi asmo horietatik hamalau gai landuko dituzte ikastetxeetako ikasleekin. “Bertoko basoa, bertoko baserriak, bertoko baratze ekologikoa eta energia berriztagarriak landuko ditugu batez ere”.
Izan ere, ikasleak oinarri horietan heztea bultzatu gura dute elkartekoek: ”Ingurumenaren aldeko oinarri eta balio horietan hezi gura ditugu ikasleak, izan ere, erakusketaren helburua da gazteenen artean natura errespetatzen duten jardunbideak zabaltzea, etorkizun iraunkorra eta planetaren osasun ona bermatzeko. Beste modu batera bizi behar gara”.
“Tamalez” ezin dituzte praktikan jarri ikasitakoak, pandemia dela-eta jarraitu beharreko osasun neurriek teorian ikasitakoak praktikan jartzea uzten ez dutelako. “Eskolan daukaten teknologiaz baliatuta, Unescok eta Eko-Oiz elkarteak egindako bideoak ikusiko ditugu, eta hausnarketak bultzatu. Gero, erakusketan ikusiko dute ikasitakoa”, azaldu du Zabalak.
Helburu nagusiak
Bertoko basoez hitz egingo dute: “Bertoko basoak zelan lantzen ditugun erakutsiko dugu. Izan ere, inguruetako basoetako pinu eta eukaliptoak kendu eta bertoko landare eta zuhaixkak landatzen ditugu: urretxak, intxaurrak, gaztainak, haritzak… horiek landaketak zelan egiten diren ikusiko dute ikasleek”.
Baratze ekologikoaren beharraz ere ariko dira, eta berrerabilitako botilekin baratze txiki bat ere egingo dutela zehaztu dute. “Baratze ekologikoa zelan egiten den ikusiko dute, lurragaz eta lurrik barik. Allende Salazar Herri Ikastetxean, esaterako, baratzea dute, baina beste ikastetxe batzuetan ez. Hori horrela, berrerabilitako botilekin baratze txiki bat egingo dute”.
Baratze asko eta asko baserrietan egoten dira, eta etxebizitza horiek oso ezagunak dira Busturialdean. Hala ere, baserri guztiak ez dira berdinak. Hego Euskal Herriko edo Ipar Euskal Herriko baserrien arteko desberdintasunak zeintzuk diren aztertuko dute saioetan. “Toki bakoitzeko baserriaren harria, kokapena, teilatua… desberdinak dira, eta zertan desberdintzen diren ikusiko dugu, zergatietan sakonduz”.
Energia kontsumoari ere lekua egingo diote saioetan. Gizarte bateko aurrerapena eta ongizatea neurtzeko modu egokiena da energia kontsumoari erreparatzea. Energia iturri alternatiboak dira berriztagarriak, energiak ordezkatu ditzakeen edozein, bere kutsadura efektu txikiagatik edo berriztatzeko aukera izateagatik.
Energia berriztagarrien garapena garatzeko bidean dauden herrialdeen eta garatuen arteko desoreka energetikoak eta erregaien aniztasunak bultzatu du.
Energia berriztagarria iturri berriztagarrietatik sortzen den energia mota da, eta maketen, jostailuen eta kit berezien bidez ikusiko dute eguzki indarragaz energia zelan sortzen den. “Eguzki indarragaz zelan mugitzen diren objektuak, zelan lortu daitekeen ura, edo haizegaz argia zelan sortu daitekeen ikusiko dute”, azaldu du Zabalak. Biomasa ere landuko dutela jakinarazi du. “Egurraren energia da. Gure basoetatik energia asko lortu daiteke”.
Gai horiek jorratuta, Eko-Oizen helburua dena beteko dute : garapen iraunkorra bultzatzea. 2008an hasi ziren lanean, eta martxan jarraitzen dute: “Hiru saio egin ditugu Gernika-Lumoko Udalagaz elkarlanean, eta hemendik aurrera ere ingurumenaren aldeko saioak ematen jarraitzea da gure asmoa”.